GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

UGT eta CCOO, sindikalgintza eredu makurra

Gizarte elkarrizketa delakoak ez du zertan txarra izan; atzo CCOO eta UGT sindikatu espainoletako idazkari nagusiek Madrilgo Lan ministroarekin hasi zutena, ordea, nekez jo liteke onuragarritzat. Pentsioen erreforma dute bileretako hizpide nagusi, hilaren 28an onartuko den erreforma, Gobernu espainolak dagoeneko hala erabaki duelako. Eta pentsioen erreforma ez da langileen eskubideak urratzen dituen Gobernu horren lehenbiziko erasoa, krisiari aurre egiteko hartu dituen neurri guztiak langileen eta behartsuenen kalterako izan baitira. Testuinguru horretan, eta Estatuko langileek mobilizatzeko inoiz baino motibo gehiago dituztenean, «gizarte elkarrizketak» duen helburu bakarra Madrilen politika ekonomiko eta soziala zuritzea eta langileak desmobilizatzea da, konfrontazioaren bideari uko eginda. Gainera, aurrekariek sindikatu horiek jokatzen ari diren paper tristea berresten dute.

Sindikalgintza eredu baten ordezkari dira sindikatuok, aldarrikatzen omen dutenarekin zerikusirik ez duena, langileen eskubideen defentsa negoziazio zein mobilizazio bidez gidatu beharrean, haien kontrako erasoak zuritzen dituena. Euskal Herrian nagusitu den ereduaren kontrakoa, herri honetako gehiengo sindikala bestelako dinamika baten jabe baita, oraingo egoerari aurre egiteko konfrontazioa eskatzen duen dinamika. Horixe da-eta sindikatuen erantzukizuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo