GARA > Idatzia > Euskal Herria

UMPk sei hautagai ofizial aurkeztuko ditu martxoko bozketan

UMP alderdi eskuindarrak martxoko hauteskundeetako kanpaina abiatu zuen atzo, berritzekoak diren hamar kantonamenduetatik seitan hautagaiak aurkeztuko dituztela esanez. Urtetan eskuinak Kontseilu Nagusian egindako politika goraipatu eta bere alde bozkatzera deitu zuen.
p014_f02.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Martxoan izango diren kantonamenduetako hauteskundeetarako hautagaien aurkezpen bateratua egin zuen atzo UMP alderdi eskuindarrak. Max Brisson kontseilari nagusiaren eta Jean Grenet eta Daniel Poulou diputatuen ahotik, UMP alderdiak azken hiru urteotan Kontseilu Nagusiaren buru gisa egindako lana goraipatzeaz gain, datozen hauteskundeen garrantzia nabarmendu zuten. «Erronka handia izango da ezkerreko eta eskuineko alderdiek kontseilari kopuru bera baitute. Ez da Kontseilu Nagusiaren historian sekula horrelakorik gertatu, eskuinak izan baitu gehiengoa hasi zenetik», nabarmendu zuen Max Brissonek. Horrenbestez, alderdi sozialistaren kudeaketa kritikatu eta egungo Kontseiluaren «balantze baikorra» goraipatu zuten.

«Hautesleek bi kudeaketa motaren arteko hautua egin behar dute. Sozialistek dituzten departamendu guztiak egoera larrian daude gaur egun», nabarmendu zuen. Brissonek Pirinio Atlantikoak departamenduko berezitasuna nabarmenduz jarraitu zuen. «Alderdi sozialistak ez du lurralde honen aniztasuna errespetatzeko gaitasunik. Zentralista eta jakobinoa da», erran zuen.

Jean Grenetek, bestalde, alderdi sozialistari boza emanez, gaur egun ez bezala, Kontseilu Nagusia Bearnoren esku uzteko arriskua dagoela ohartarazi zuen. «Kudeaketa galtzen badugu, gaur egun bearnes eta euskaldunen artean lortu dugun oreka ez da gehiago izango», nabarmendu zuen.

Alta, UMPri boza emanez «hamarka urtez» gauzatu den politikari babesa eta jarraipena emanen zitzaiola adierazi zuen.

Ezkerrari irabazi

Bigarren itzulia ere aipagai izan zuten UMPko hautagaiek. «Ezkerrari irabaztea» helburu nagusi dutelarik, Force 64 alderdi zentristako Jean-Jacques Lasserre ordezkariarekin akordio batera iritsi direla jakinarazi zuten. Hori dela eta, bigarren itzulian zentristen eta UMP alderdiko hautagaien artean boz kopuru handiena duena mantenduko zutela erran zuten. «Lehen itzulirako eskuineko hautagai asko ikusten da, baina, bigarren itzulian bakar bat geratuko da kantonamendu bakoitzean», argitu zuen Brissonek.

UMP alderdiak, beraz, berritzekoak diren hamar kantonamenduetatik seitan hautagai ofizialak aurkeztuko ditu. Bastidan Jean Castaings Kontseilu Nagusiko egungo burua, eta, Biarritz mendebaldean, Max Brisson, berriz ere hautagai izango dira. Baionako bi kantonamenduetan, Christine Lauque, Jean Bernard Pocq eta, Angelun, Claude Olive eta Donibane Garazin, Jean-Pierre Eyharts aurkezten dituzte. Iholdin, Baiona mendebaldean eta Hazparnen Force 64ko hautagaiak sostengatzeko hautua egin du UMPk.

Atharratzen dauden eskuineko bi hautagaien arteko hautua bigarren itzulian eginen dutela esan zuten, onenari sostengua emanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo