GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Hiritartasun ikastaroak» egitera eta 200 euro ordaintzera zigortu nahi du fiskalak Maite Etxeberri

GARA

Joan den abenduaren 10ean, Donibane Lohizunen izandako euroaginduaren kontrako elkarretaratzean atxilotua eta kolpekatua izan zen Maite Etxeberri, fiskalaren ordezkariaren aitzinera pasa berri zela jakinarazi zuen atzo Askatasunak. Azken horrek, «konposizio penala» proposatu ziola esan zuen. Hau da, hiritartasun ikastaro bat, eta horrekin 200 euro ordaindu beharko lituzke.

Maite Etxeberrik proposamena onartzen duen ala ez jakinarazi beharko du urtarrilaren 22a baino lehen. «Onartuz gero, leporatzen zaion ekintzaren errudun izatea litzateke eta bere kontrako dosierra aztertzeko paradarik ez du. Eta ukatzen badu, epaiketa izango du, zigor handia jasotzeko arriskuaz», argitu zuen Askatasunak.

Donibane Lohizungo elkarretaratzean polizia gogor oldartu zitzaien bertan zeudenei Alliot Marie ministroa agertu zen unean. Etxeberri atxilotu eta jo zuten eta, gaua polizia-etxean eman ondoren, biharamun goizean libre utzi zuten. Deialdia urtarrilaren 6an eman zioten, BAC-eko bi agente zauritu izanaren akusaziopean.

Halaber, Daniele Goñi buruan zauritua izan zen. Kolpeak jasotako bi lagunok salaketa jarri zutela jakinarazi zuten berriki «nahitarako bortizkeria» salatuz. Biak deituak eta entzunak izan dira salaketa horren harira. Hitzordu horretan, poliziak Aurore Martin non dagoen galdetu izana ere salatu zuen Askatasunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo