Getaferen aurkako neurketa prestatzen
Atletico Madriletik oso gertu egon liteke Juanfran
Hala aipatu zuen, behintzat, Radio Marcak. Bestalde, Camuñas eta Pandiani biharko prest izango dira.
GARA | IRUÑEA
Futbolean oso ugariak izaten dira zurrumurruak urteko sasoi honetan. Talde askok jokalari berrien beharra izaten dute denboraldiaren amaieran euren asmoak eta helburuak bete ahal izateko, edo laguntzeko behintzat. Osasunaren kasuan, alderantzizkoa da. Hau da, Atletico Madrilek Juanfran jokalari gorritxoa nahi duela zabaldu da azken aste hauetan hedabideetan, madrildarrek Simao portugaldarra galdu baitute (Turkiako Besiktasera joan da).
Radio Marcak atzo jakitera eman zuenez, Juanfran oso gertu egon liteke Atletico Madrilekin fitxatzeko. Bi taldeetako ordezkariak duela zenbait astetatik ari dira fitxatzeaz hitz egiten, eta zuri-gorriek jokalaria nahi dutela behin baino gehiagotan aipatu dute. Hala, baliteke azken orduetan erdilariaren etorkizuna argitzea.
Taldetik alde egin dezaketen jokalariak alde batera utzita, asteburu honetan deialdira itzul daitezkeen beste batzuez hitz egin beharra dago. Izan ere, Javier Camuñasek alta jaso zuen atzoko entrenamenduan, hilabete lesionaturik egon eta gero. Madrildarraren itzulerak poztasuna ekarri dio Jose Antonio Camacho entrenatzaileari, Osasunarentzat oso jokalari garrantzitsua baita eta taldeak momentu honetan ezker hegalean dituen hutsuneak bete ditzakeelako.
Halaber, nahiz eta oraindik alta jaso ez duen, Walter Pandiani Getaferen aurkako neurketarako prest izango dela ziurtatu zuen jokalariak berak. «Arazorik gabe iritsiko naiz. Aste honetan oso ondo eta oso indartsu entrenatu naiz, eta hain garrantzitsua den partida baterako prest egoteagatik pozik nago», adierazi zuen aurrelari uruguaitarrak.
Argi dago Osasunak golak behar dituela. Eta horretarako itxaropena duela aipatu zuen Pandianik: «Aurrelariok gola sartzera behartuta gaude. Bi baino ez daramatzat, eta gehien sartu dituenak hiru. Gol gutxi sartu ditugu eta denok egoera onenean egoteko beharra dugu. Iazko zifra lortzeko gaitasuna badut».
Golak sartzeko beharraz haratago, bihar Sadarren garaipena erdietsi beharra dutela nabarmendu zuen aurrelariak: «Ezinbestekoa da gure zelaian indarra eta egiten ari ginen jokoa berreskuratzea, baina gauza guztien gainetik, hiru puntuak lortzea, hobeto edo okerrago jokatzeaz haratago. Badakigu asteburu honetan zer dugun jokoan eta mailan egotea espero dugu».
Getafe, talde oso zaila
Biharko aurkariari buruz, hitz ederrak izan zituen Pandianik. «Partida ikaragarri onak jokatzetik dator. Bideoak ikusi ditugu eta oso futbol ona egiten ari dira. Jokatzera eta hiru puntuak lortzera etorriko dira, Europatik oso gertu baitaude. Haientzat ere oso partida garrantzitsua da. Saiatu behar dugu arnasa har ez dezaten neurketa indartsua eta erasokorra eginez».
Partidak duen zailtasuna ulertzeko, beste datu bat eman daiteke: Getafek Betisen aurka galdu zuen ostegunean Kopan. Beraz, amorru biziz irits daitekeen taldea izango da. Madrildarren atzoko lan saioan Pedro Rios aritu zen, gastroenteritis batetik osatu eta gero. Ez ziren entrenatu, ordea, Dani Parejo eta Manu del Moral.