«Grabatzeko era modernoa atzean utzi eta denboraren makinan sartzeko momentua dut»
Musikari eta idazlea
Indie giroan ezaguna da gurean Micah P. Hinson estatubatuarra, bere ahotsaren sakonak arreta deitu zuenetik makina bat aldiz izan baita Donostia, Durango eta Bilboko oholtzetan. Gaur, Victoria Eugenia zapaldu, eta «Micah H. Hinson and the Pioneer Saboteurs» lan berria joko du. Berritasun gisa, bere burua idazle ere aurkeztu digu, «No voy a salir de aquí» aurreneko nobela gaztelaniaz argitaratuta.
Anartz BILBAO | BILBO
«Micah P. Hinson And The Pioneers Saboteurs» (Houston Party Records) da Texaseko abeslari bereziak argitaratu duen azken lana, Tachenko zaragozar taldea lagun duela gaur Victoria Eugenian joko duena, 20.00etan hasita (22-27 euro). Notizia, baina, Micah P. Hinsonen aurreneko literatur lana dugu egunotan, ingelesez plazaratu aurretik Alpha Decay argitaletxeak gaztelaniaz aurkeztu berri duena.
«Aitak hamaika urte nituela erosi zidan nire lehenengo gitarra, eta bost urte inguru nituenerako jolasten nuen amonaren pianoarekin, beraz, arteaz izan nuen lehen ideia musikak eman zidala uste dut», adierazi digu Hinsonek, musika eta literatur zaletasunaz galdetuta. «Gero, ikastetxean, literaturan jarri nuen arreta, eta geroztik arlo biak jorratu izan ditut luzaz (literatur irakasle izateko ikasketak burutu omen zituen). Kontua da ez ditudala inoiz nire sorkuntzak beste inoren eskuetan jarri, eta ez dudala nire idatzirik ez maketarik inora igorri, argitaratua izan dadin. Baina horrela gertatu da». Azken finean, aurreneko nobelan egin duen bezala, kantuetan ere istorioak kontatzen ditu crooner-ak.
«Idazten den kantu edo nobela orok kontakizun bat, istorio bat behar duela imajinatzen dut. Inoiz inork kontatu ez duen istorioa agerrarazi, edo kontatua izan bada, beste modu batean emana». Baina bere kasua aipatuta, bi prozedura ezberdinen berri eman digu. «Ni, musikari dagokionez, besteengandik urruti, eraginetatik at egoten ahalegintzen naiz. Kanpora baino neure barrura begiratzen dut. Baina idatzi nahi dudanean berriz, neure barrua bete beharra dut aurrena, nobela bat sortzen hasi baino lehen, irakurri, irakurri eta irakurri, neure ildo propioa aurkitu arte».
«No voy a salir de aquí» «ume bihurtzen den gizon baten istorioa dugu». Idazleak berak argitu digunez, «fikziozko lana da baina pertsonaia bakoitzak jaso du zerbait nigandik, baita beste eragin batzuetatik ere. Beraz, izan daiteke, batzuetan, nire esperientziak agertzea beraiengan, baina sortzean idazleak zertaz hitz egiten ari den jakin behar duela pentsatzen dudalako baino ez; irakurleak onar dezan». Liburua orain zortzi urte inguru idatzia da.
Bosgarren nobela
«Egun nire bosgarren nobela idazten ari naiz -eman dizkigu azalpenak estatubatuarrak-. Baina sorkuntzak ez du argitaratua izatearekin zerikusirik niretzat. Idatzi beharra sentitzen nuen, istorio konkretu batzuk idazten hasi eta bukatu. Eta Alpha Decay argitaletxekoek nire iraganeko lanak eskuratzeko interesa zuten, idatziekin zerbait egin zezaketen aztertzeko, plazaratzeko modukoak ziren ala ez jakiteko. Zorionez, orain irakurgai izango da, eta espero dut literatur zaleek irakurtzea, norbaitek interesik balu, noski». Beraz, harrigarria dirudien arren, nobela gaztelaniaz argitaratuko da jatorrizko ingelesean baino lehenago, Micah P. Hinsonen lanak Estatu espainiarrean sortu duen jakinminaren adibide izan daitekeena. «Oso gustuko dut zuengana etortzea, baina jendeak ulertuko du ez naizela goizetan jaikitzen, bertan ezagutzen dudan jendeari deitu eta lana eskatzeko. Estatu espainolean egiten dudan guztia bertakoek nigan duten interesetik ateratzen da. Eta nik eskerrak ematea baino ez dut».
Literaturarekin bukatu eta «and the Pioneer Saboteurs» disko berriaz itaunduta, «zaleak entzun eta esan beharko du» dio musikariak, azalpenetan galdu baino lehen. «Diskoa etxean grabatu nuen, Austin eta Abilenen (Texas, AEB). Inoiz ez dut hartu horrenbeste denbora lan bat grabatzeko, baina tartean kontu batzuk gertatu zitzaizkidan... ezkondu ere egin nintzen... eguneroko bizitzako kontuak, badakizue. Gero, behin kantuak onduak eta osatuak nituenean, Centromatic taldeko Matt Pence jaunarekin basora joan nintzen, Echo Lab-era, eta astebetez jardun luzeak igaro genituen bertan, `sasikume' hau nahastu eta masterizatzen. Eta emaitza justu nik neuk nahi nuen modukoa izan da; ez dut uste inoiz horrelako lanik egin dudanik. Arte lana, ikuspuntua, kantuak, diseinua... dena nik neuk `induskatua'».
Lanik arriskatuena
Sortu duen lanik arriskatuena ote den esan diogu Hinsoni, bertan erritmoekin egin dituen jolasak medio. «Bada... egia esan, uste dut disko hau `The Gospel' eta `The Baby'-ren nahasketa bat dela -horrela bota digu berak, `The Gospel of Progress' (2004) eta `The Baby and the Satellite' (2005) lanez ari dela ulertu diogu-. Ibilitako bidea ondu nahian nenbilen, betiko bideetan barrena. Hori izan da ahalegina, lortu dudan lo-fi epikoa perfekzionatzea, `and the Pioneer saboteurs' honetan. Eta orain, musikalki bide berriak ibiltzeko momentua heldu zaidalakoan nago, zerbait gehiago eskaintzekoa. Badakit beti antzeko soinua agertuko dudala, eta akaso ez dit lagunduko horrek, baina grabatzeko era moderno hau atzean utzi nahi dut (overbub-ak, efektuak...) Uste dut denboraren makinan sartzeko momentua dudala».
Gaur Tachenko taldeko kideak izango ditu backing band, musikari laguntzaile -zaragozarrekin egiten duen hirugarren bira du-, sarri bakarlari ere jotzen duen Hinsonek. «Bidaide ezberdinak izan ditut urte osoan, baina kaleratuak izan dira edo alde egin dute, beraien kabuz eta musikari legez hazteko beharra zutelako edo diru gutxiegi pilatzen zutelako. Eta niretzat horrek ez du garrantzirik musikaz ari garenean. Horrela balitz, aspaldi utziko nion jotzeari, aspaldi. Egunero musika jo ahal izatea bedeinkapen bat da; horrela ikusten dut nik».
«Musikari dagokionez, besteengandik urruti, eraginetatik at egoten ahalegintzen naiz. Kanpora baino, neure barrura begiratzen dut»
«Inoiz ez dut hartu horrenbeste denbora lan bat grabatzeko, baina tartean kontu batzuk gertatu zitzaizkidan... ezkondu ere egin nintzen»»