Giro intimista, Hatortxu Rock jaialdiaren lehen egunean
Zea Mays eta Sorkun taldeek ireki zuten atzo gauen Hatortxu Rocken hamabigarren edizioa, jaialdiko lehen egunari «giro intimista eta hurbila» emanez. Gaur, 18.30etik aurrera, zortzi talde igoko dira Zizur Nagusiko taulara, eguraldi ederra iragarrita dagoen egunean.O. L. | DONOSTIA
Antolatzaileek berogailuez hornitu zuten Zizur Nagusian atzo eta gaur ospatuko den Hatortxu Rock jaialdia. Eguraldia, ordea, bikaina izan zen atzo, lehen egunean. «Egia esan, hamabi urteko ibilbidean, ez dugu sekula halako eguraldirik izan», aitortu zuen antolakuntzako Endikak azken ukituak ematen zituela. Topikoak topiko, halakoetan zeruaren itxura begiratzea «ezinbestekoa» izaten da horrelako ekimenen atzean lan handia baitago.
Gainera, aurten jaialdia bi egunetan ospatuko da aurrenekoz, orain arte egun bakarrean egin baita. Modu honetara, eta Zea Mays eta Sorkunek atzo gauean eskaini zuten kontzertu banarekin, giro «intimista eta hurbila» eskaintzea lortu zuten antolatzaileek, ahalik eta ikusle gehienengana heltzeko asmoz.
Kontuz kontrolekin
Taula gaina musika taldeen errelebuen lekuko izango da gaur. 18.00etatik aurrera zortzi talde arituko dira bertaratutakoen belarriak gozatzen. Governors, Amaiur, Gatibu, Vendetta eta Berri Txarrak izango dira, besteak beste.
Azkenik, bertara joateko garraio publikoa erabiltzeko deialdia egin zuen Endikak. Autoentzat aparkaleku zabala dagoen arren, iragarri zuenez, inguruetan alkoholemia kontrol ugari izaten dira.