Pearl Jam-ek dokumental bat egingo du hogeigarren urteurrena ospatzeko
GARA | DONOSTIA
Pearl Jam taldeak hogei urte beteko ditu aurten eta zenbait ekintza berezi prestatu ditu hori ospatzeko. Deigarriena «Pearl Jam Twenty» pelikula-dokumentala izango da, Cameron Crowe zinemagileak zuzenduko duena. Gainera, liburu bat eta soinu-banda bat gehituko zaizkio filmari.
Halaber, «Vs» (1993) eta "Vitalogy" (1994) diskoen luxuzko berrargitalpenak kaleratuko ditu taldeak. Horrez gain, uda amaieran, 20. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat egingo dutela iragarri dute, tokia eta data zehaztu gabe.
Zaleentzat prestaturiko lehen oparia «Live on The Legs» lana da, 2003 eta 2010 urte artean munduan zehar emandako kontzertuetan zuzenean grabaturiko 18 abestiren bilduma bat. Diskoa datorren urtarrilaren 18an argitaratuko dela iragarri dute. «Arms Aloft» eta «World Wide Suicide» zuzenekoen jarraipena izango da honako hau.