Irantzu Goñi 2011/1/6. ZUZEU ALBISTARIA
Batasunarik gabeko batasuna
Nafarroa Bai, Euskal Herria Bai, Polo Subiranista, Herri Batasuna... ez dakigu azkenean zertan geratuko den alderdi abertzaleen batasuna, ez dakigu zertan geratuko den alderdi ezkertiar eta abertzaleen batasuna, ez dakigu batasunik egonen den Batasunarekin. Aralarrek itxi du txiringitoa, orain zer?
Aralarrek ez du Batasunarekin akordiorik eginen heldu diren hauteskundeetan elkarrekin parte-hartzeko. Patxi Zabaletaren alderdiak atzo jakinarazi zuen erabakia, baina ez zuen azaldu zergatik ez dagoen gisarik Aralar eta Batasuna koalizioan batzeko.
Aitzitik, oraino esan digutena arras bestelakoa izandu da. Aralar eta Batasunaren arteko alde bakarra ETAren indarkeriaren gaitzespenean omen zegoen. Orain, ETAren indarkeriarik gabeko hilabeteotan, badirudi badela alde handiagorik haien diskurtsoetan, edo interesetan behinik behin. Kontua da Aralarrek ez duela arazorik EAJrekin itunak sinatzeko, eta Batasunarekin bai. Badirudi abertzaleen batasuna Batasunarik gabe egin nahi dutela. Baina zergatik? Ni ez naiz analista politikoa, baina nire aburua plazaratuko dut lerro hauetan.
Nafarroa Bai 2004. urtean sortu zen eta espainiar Estatuko bozetan parte-hartu. Harrera beroa izan zuen Nafarroan eta horretaz baliatu zen Gobernu eta Udal hauteskundeetan emaitza onak erdiesteko. Nafarroa Garaian aldaketa aldarrikatu du plataforma honek, horretarako jaio zen, baina oraino ez du xederik bete. (...)
Baina oraino ez zegoen faktore batek Nafarroa Bairen beharrezkotasuna kolokan paratu du. ETAk ez du ekintza armaturik egiten dagoeneko eta Batasunak aro berri bati ekin dio. Orain artekoak ez du balio, Batasuna beharrezko giltza dirudi Nafarroan aldaketa emateko. Baina EAJ ere bada NaBai-kide, ezin bera bazterrean utzi. (...)
Honen aitzinean, Zabaletaren alderdiak dena paratu du jokoan. Apostua, baina, arrunt arriskatua/arriskutsua da. 2011. urtean ez bada aldaketarik lortzen, dena galduko da. Nafarroa Bairen existentziak berak ez du zentzurik izanen. (...)
Orduan etorriko dira komeriak. Aralarrek zartagiari ongi heldu dio oraingoan, baina EAEn ezkerreko abertzaleen batasunari ekinez gero, Nafarroan ere horrelako pirulo tropikal bat egin beharko da. Zartagia eskuz aldatuko da eta Aralarrek ezinen du baldintzarik paratu.
Beraz, 2011ko hauteskundeetan jakinen dugu zein izanen den ezkerreko eta abertzaleen batasunaren etorkizuna, Batasunarekin edo batasunik gabe. Aralarrek dena paratu du mahai gainean, baina garaiz dago oraindik apostua txikitzeko, eta seguruago jokatzeko. Izan ere, hain da txarra nahikeria...