Marrazoak, itsasoko lagun beldurgarriak
Ez dira ohikoak marrazo erasoak, baina tarteka izaten dira. Hona hemen munduan zehar jazotako zenbait gertaeraren kontakizuna.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Neguko ur hotzetatik ihes egiteko aukera duen surflari orok leku epeletara bidaiatzen du. Leku horietan marrazoak izaten dira kasu gehienetan eta horregatik zenbait surflarik ez du surf egin nahi izaten, baina arriskua ez da hainbestekoa, estatistikei kasu egiten badiegu.
Ez dago ziurtatzerik noiz, non, nola edo nori eraso egin diezaiokeen marrazo batek. Gauza bakarra da ziurra, behin marrazo baten erasoa jasan duenak ez duela berriz ere erasoa izateko probabilitaterik.
Gure kostaldeko marrazoak txikiak dira eta ez dira arriskutsuak. Euskal Herrian ez da inoiz marrazo erasorik izan. Beraz, gurean lasai ibil gintezke itsasoan.
Marrazo handi baten irudiak, txiki batenak baino beldur handiagoa eman dezake, baina garrantzitsuena ez da marrazo baten tamaina, honek egin dezakeen hozkadaren tamaina baizik. Gure kostaldean badira arrain handiak, noizbait ikusiz gero beldurtu gaitzaketenak, baina ez dira inondik inora arriskutsuak.
Marrazo eraso baten azken albistea orain oso gutxi jaso dugu, iazko abenduaren 27an hain zuzen ere. Bodyboard egiten ari zen mutiko gazte bati eraso zion marrazo batek Mauin (Hawaii). Eskuan zauriak izan zituen mutikoak, baina onik atera zen.
Marrazo haginkadak urriak dira, baina hauen kontakizunak beldurgarriak izaten dira, eta horregatik dute hainbesteko oihartzuna. Hona hemen zenbait herrialdetan jazo diren gertaera batzuk.
AEB
1981eko abenduaren 19an, Lewis Boren kneeboard (surf belauniko) egiten ari zen, Pebble Beach inguruan, Kaliforniako iparraldean. Berarekin zen lagunak olatu bat hartzen ikusi zuen, baina ez zen gehiago itzuli. Hurrengo egunean taula zatia aurkitu zuten ur azalean, marrazo baten hozkadaren arrastoarekin eta abenduaren 24an taularen beste zatia aurkitu zuten. Adituen arabera, taula eta guzti hozka eginda irentsi omen zuen sei metroko marrazo batek.
Boren, marrazo batek hildako lehen surflaria izan zen, aurrez soilik igerilariak eta itsaspekariak izan baitziren erasoak. 1970 eta 1997 urte artean 30 eraso bakarrik izan ziren Kalifornian, eta kasu gehienetan igerilariek jasan zuten erasoa.
AEBetan oiartzun handieneta-koa izan zuen erasoa 2001ean jazo zen, Floridan. Jessie Arbogast 8 urteko mutikoa itsasoan jolasten zebilen lagunekin. Haren osabak marrazo bat harrapatu zuen eta umeei erakustera gerturatu zen, baina marrazoa oraindik bizirik zegoen eta Arbogasti hozka egin zion. Tiro bat emanda hil zuten marrazoa sorosleek eta, dirudienez, haurraren besoa hortzetan itsatsirik geratu zen. Besoa marrazoaren ahotik askatzea lortu zutenean, ospitalera eraman eta ebakuntza egin ahal izan zioten haurrari. AEBetako telebista kateetan mirari moduan aurkeztu zuten albistea.
Australia
Australian oihartzun gehien izan zuen kasua hegoaldean jazo zen. Bi egunetan bi hildako izan ziren 2000. urteko irailean.
Jevan Wright, 17 urteko gaztea, harroketan zebilen, marrazo batek uretan sartu eta betiko desagerrarazi zuen arte. Hurrengo egunean handik 200 kilometrora dagoen Cactus hondartzan surflari bati eraso egin zion marrazo batek. Cameron Bayes, 25 urteko gaztea Zeelanda Berritik bertaratua zen eztei bidaian. Goizean goiz surf egitera sartu zen itsasora, eta lehen olatua hartzeko arraunean ari zela marrazo batek nola egin zion eraso ikusi zuen kanpoan zen bere emazteak. Jendeak hasieran esaten zuen ez ote zen marrazo bera izango, baina distantzia eta gertaeren ordua kontuan hartuta ezinezkoa zatekeen marrazo bera izatea. Hala eta guztiz ere, harrigarria izan zen, izan ere, 30 urtetan marrazoek eragindako 33 heriotza izan ziren Australia osoan eta bat-batean bi eraso izatea ezohikoa zen. 2009. urtean hiru eraso izan ziren bi egunetan, baina ez zen hildakorik izan.
Hegoafrika
Hegoafrika izango da ziurrenik marrazo kontuetan fama txarrena duen lurraldea. Youtuben surflari bati bi marrazok egindako erasoa ere ikus daiteke.
2003an Jeffreys Bay-en urtero egiten den munduko txapelketan Taj Burrow uretatik izututa ateratzen ikusi genuen. Ez omen zuen halako marrazo hegats handirik inoiz ikusi. Astebete lehenago junior txapelketa bat izan zen leku berean, eta lehiakide batek gorriak ikusi zituen marrazo bat gerturatu eta inguruan biraka hasi zitzaionean. Zorionez, marrazoak ez zion surflariari eraso, eta susto bat baino ez zen izan.
Marrazo batek bere lagun Alex Macun nola irentsi zuen kontatzen du Wayne Mc Millanek. 1982ko ekainean izan zen, Wild Coasten (Hegoafrika). Goizean goiz abiatu ziren surf egitera bi lagunak. Arraunean zihoazen, Alex aurretik eta Wayne atzetik. Olatu bat iragatean, Alexek ikusi zuen bere lagunak nola jaso zuen marrazo baten hozkada. Lehenik kanpora atera zen ziztu bizian, eta jarraian olatuek zekarten Alexen gorpua jasotzera hurbildu zen, baina marrazoa berriz agertu zen eta gorpua desagerrarazi zuen. Soilik lagunaren surf taula eman ahal izan zien haren gurasoei.
Mexiko
2008an Zihuatanejo inguruan gertaera anitz izan zen. Adrian Ruiz, 25 urteko kaliforniarrak tigre marrazo baten erasoa jasan zuen. Gerritik belaunera ireki zion izterra marrazoak, femurra agerian utziz, baina bizirik atera zen uretatik. 20 urtetan inguru haietan izan zen lehen erasoa zen hori.
Bi asteren buruan, 15 kilometro hegoaldera beste eraso bat izan zen, eta bertako mutiko bat hil zen haren ondorioz. Hozkadek zauri larriak eragin zizkioten beso batean eta bi hankatan eta odolustuta joan zen.
Handik egun gutxi batzuetara beste eraso bat izan zen. Bruce Grimes, 49 urteko surflari estatubatuarraren besoa 60 punturekin josi behar izan zuten marrazo batek hozka egin ostean. Bere esanetan, azalean eman zuen kokozko kremak lagundu zion onik ateratzen, marrazoek ez baitute gustuko eguzkitako krema. Hiru erasoak egin zituena marrazo bera ote zen zurrumurrua zabaldu zen, eta hiru hilabetetan jendea ez zen ausartu uretara sartzen, baina denborarekin dena ahaztu da eta ez da antzerako beste gertaerarik izan. Grimesek honela dio: " Ni neu orain gutxi izan naiz bertan surf egiten, bakar-bakarrik. Nor oroitzen da gertatutakoaz?".
Marrazo baten erasoa jasan ostean hil zen lehen surflaria izan zen Kalifornian. Azken aldiz olatu gainean ikusi zuten. Bere azken olatua izan zen. Surflariaren taularen zati bat aurkitu zuten, baina ez zen gorpuaren arrastorik agertu.
30 urtetan marrazoek eragindako 33 heriotza izan ziren Australia osoan eta bat-batean bi eraso izatea ezohikoa zen. 2009an hiru eraso izan ziren bi egunetan, baina ez zen hildakorik izan. Ez dago jakiterik erasoa noiz jazoko den eta nola.
2003an, Jeffreys Bay-en urtero egiten den Munduko Txapelketan, Taj Burrow uretatik izututa ateratzen ikusi genuen. Ez omen zuen halako marrazo hegats handirik inoiz ikusi. Astebete lehenago beste lehiakide bat ere izututa atera zen.
Gorputzeko odolaren %60 eta ezker besoa galdu zuen, baina bizirik ateratzea lortu zuen. 18 hilabete geroago, 2005ean, Hawaiiko titulu nazionala irabazi zuen eta ordutik goi mailako surflariekin dabil norgehiagokan ASP zirkuituan.