Hollywoodeko estudioek plataforma bat aterako dute filmak Interneten zabaltzeko
Fernando MEXIA-EFE | LOS ANGELES
Piratek eta zinema on-line ikusteak Hollywoodeko estudioak makurrarazi dituzte eta, gogoz kontra, plataforma bat prestatzera bultzatu pelikulak Internet bidez zabaltzeko, gainbehera datorren DVDaren kaltetan.
Fox, Paramount, Sony, Universal eta Warner dira teknologien eta ikus-entzunezkoen enpresen partzuergo berriaren buru. Digital Entertainment Content Ecosystem (DECE) izena du eta entretenimenduaren sektorean euskarri fisikoetatik mundu digitaleko malgutasunerako trantsizioa egitea du xede. Ultraviolet izena hartuko du Interneten erronkari Hollywoodek emanen dion erantzunak eta urte honen erdialdean jaioko da, lehenbizi Ameriketako Estatu Batuetan eta gero Britainia Handian eta Kanadan. Oraindik ez dakite noiz eskuratuko duten bertze herrialdeetan.
Filmak eta telebistako saioak bere horretan baino, plataforma honek baimenak salduko dizkie erabiltzaileei, edukiak ikusteko eskubidea izateko. Erosleak filmak jaisteko aukera ere izanen du, eta nahi duen euskarrian gorde eta gehiago ordaindu beharrik gabe kopiatzeko ere bai. Hala ere, Ultravioletek hamabi gailu bakarrik erabiltzen utziko du, eta sisteman alta emandako aparatuetan soilik gozatzen ahalko da bideotekaz.
Neurri honekin mugatu egiten dute edukien erabilera eta piratei bidean trabak jarri nahi dizkiote. Ultravioletekin lotutako software guztiak babes sistema bat izanen du.
Multinazional ugari
Bertze multinazional batzuk ere badaude DECE partzuergoan: Microsoft, IBM, Nokia, Intel, Motorola, Samsung... Egunotan Nevadako Las Vegasen egin den Elektronikako nazioarteko azoka handienean iragarri dute hauek Ultraviolet ailegatuko dela.