Josebe EGIA
Elizaren ezintasuna
Unescok plan bat omen dauka biztanleriaren erdia homosexuala izan dadin, Kordobako apezpikuaren arabera. Antza denez, hori da Unescok datozen 20 urteotarako duen helburua eta horretarako «hainbat programa baliatzen ditu genero-ideologia ezartzeko». Apezpikuaren ustetan, «ideologia honen bidez aldarrikatzen dena da pertsona ez dela gizon edo emakume jaiotzen, baizik eta nahierara aukera dezakeela zer izan, edozein unetan sexua aldatuta». Hala esan zuen Kordoban Familia Sakratuaren festan bota zuen hitzaldian. Eta inork ez du atxilotu, harrigarria bada ere, ezjakintasuna eta informazio eza, behintzat, egotzita.
Izan ere, gizakiok ukitzen gaituzten edozein gairen gainean iritzi iraingarriak eta diskriminatzaileak botatzeko -sarri inolako oinarririk gabeak, gainera- Elizak duen zigorgabetasuna deigarria egiten zait, eta amorrua eragiten dit. Egun hainbeste erabiltzen den «apologia» hitzak ez du lekurik Elizaren ordezkarien usteei dagokienean, gainerakoentzako lege eta jokamoldeen gainetik baleude bezala. Baina egin egiten dute, eta beste inork baino tonu mesianikoagoarekin, gainera, pulpitutik. Tropelean, herrialdez herrialde eta itsu-itsuan.
Itsua, besteak beste, izan behar baita halako adierazpen absurduak egiteko, eta absurduak ez ezik, jendartearentzako iraingarriak eta kaltegarriak ere. Homosexualitateari gaitz, epidemia, lakra kutsua emanda. Alegia, jende asko eta askoren sexualitate-aukerari muzin eginda eta, harago, horren kontra egiteko betebeharra sustatuta, «bestelakoekiko» oldarkortasuna piztuta eta onartuta. Itsua, eta estralurtarra, esateko, Frantzian oraingoan, «heriotzaren kulturari, genero-teoriaren barneratze maltzurrari, bizitza den dohainaren ukoari, ezkontza homosexualari, abortatzeko eskubideari eta arrapaladan datorren eutanasiari» aurre egin behar zaiola.
Hori guztia mundua jasaten ari den balio-krisiaren, kristautasuna pairatzen ari den eraso bortitzaren eta fedea eta pertsonen arima salbatzeko zerbait egin beharraren aitzakian, bestela ezinezkoa izanda «jendarte aske, justu eta solidarioa» eraikitzea. Paradoxikoa da Elizak beregana jendea erakarri eta bildu nahian hitz hauek erabiltzea, euren argumentuek kontzeptu horiek ezeztatu eta suntsitu baino ez dituztenean egiten. Txundigarria, hain zuzen hitz horien balioa ulertu eta defendatzen dugulako, pertsonengandik eta jendartearengandik hain urrun izatea, ulertzeko erakusten duen ezgaitasuna. Errealitatea ezin ulerturik galduta dagoena gogorarazten dit, beldurrak jota desesperatuta edozeri helduko liokeenak bezala, egiten duenak ez hanka ez bururik ez duela jakinda ere.
Horrela hasi du Elizak urtea. Europa osoan zehar Europaren itxaropena familiengan, familia-eredu bakar eta baztertzaile horrengan jarrita beste behin. Bere ustetan horri kontra egiten dion oro, hau da, banakoen eskubideak eta askatasunak, berdintasuna, errespetua, aniztasuna... gaitzetsita. Ezin ulerturik mundu justu eta askeagoa eskainiko liguketenen kontra berak egiten duela bereziki. Zein penagarri eta ulertezina. Zein nekagarria.