GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

«Kopan egindakoak gugan sinets dezakegula erakusten du»

p026_f01.jpg

Koikili LERTXUNDI
ATHLETICEko JOKALARIA

Laugarren denboraldia osatzen ari da Otxandioko hegalekoa Athleticen. Aurrekoetan bezala, sekulako lehiakortasunari aurre egin beharrarekin; eta aurrekoetan bezala, etorri berriak aulkian utziz. Oraindik ez daki, hala ere, datorren denboraldian erronka berberari aurre egin beharko dion, kontratua ekainean amaituko zaio-eta. Lasai hartu du egoera Koikilik, zelaian erabat kontzentratuta.

Amaia U. LASAGABASTER

Bi eguneko atsedena eskertzen ari dela onartu du, zazpi egunetan «intentsitate handiko hiru partida» jokatu dituztelako, baina bere asmoa urte hasierako gogortasun horri segida ematea dela ere bai. «Argi dago astero hiru norgehiagoka jokatzen jarraitzea gustatuko litzaigukeela, baina zoritxarrez Kopa telebistatik ikusi beharko dugu hemendik aurrera».

Zozketaren emaitza jakin genuenean, denek Bartzelona faboritotzat jo arren, oso mingarria izan al da kanporatzea?

Mina baino, tristura sortu zuen. Ilusio handia zegoen, batez ere lehen partidan zer-nolako emaitza lortu genuen ikusita, horren ondoren gauza handi bat egiteko aukera genuela ikusten zelako. Bagenekien oso zaila izango zela, baina eskura izan genuen, eta kanpoan geratzeak tristura handiagoa eman digu horregatik.

Asteazkeneko partida hori amaitu ondoren egindako komentarioen artean, asko ados zeuden galdu arren kanporaketan gertatutakoak etorkizunean balio behar duela esaterakoan. Kontsolamendu hutsa ala benetan balioko du zer edo zertarako?

Nik ere uste dut balioko duela, konfiantza mailan. Lehen orduetan tristura izan zen sentimendu nagusia, baina orain argi daukagu egin genuenak meritu handia izan duela. Partida batean edozein gauza gerta daiteke, aurkaria Bartzelona bada ere, baina bi partidatan Barçari eustea eta azken unera arte kanporaketaren auzia gori-gorian edukitzea ez dago edozeinen esku. Horrek konfiantza handia eman behar digu. Eta bai gure buruari, bai gure zaleei ere, guregan sinets dezakegula erakutsi behar digu kanporaketan egindakoak.

San Mameseko neurketaren ostean, ez zen erraza izango oinak lurrean jartzea Malagaren kontra aritzeko. Beharbada horregatik eman diozue garrantzi handiagoa han lortutako berdinketari.

Bai, batez ere garrantzitsua zen partidua ez galtzea, zalantzarik ez sorrarazteko: taldea nekatuta dagoela, kolpea ez duela gainditu... Berdinketarekin, Kopan gertatutakoa alde batera utz daitekeela uste dut. Eta irakurketak positiboagoak izan dira, partida ona ez izan arren. Puntua asko baloratzen dugu, asteazkenean gertatutakoa oraindik oso bizirik zegoen arren, taldea Malagako partidan zentratu zelako, partida kaskar bati aurre egin ziolako eta aurpegia eman zuelako azken unera arte.

Munduko talde onenaren aurka baino okerrago jokatu zenuten. Alderantzizkoa izango litzateke, ordea, zentzuzkoa.

Partida guztiak desberdinak dira. Aurkaria aldatzen da, jokalekua, kanpoko giroa... Eta horrek guztiak eragina dauka, gu beti motibazio berberarekin irteten bagara ere. Asmoa, mentalizatzea... berberak dira beti, baina batzuetan partida hobeak irteten dira eta besteetan eskasagoak. Eta egia esateko, zaila da esatea hori zergatik gertatzen zaigun, bai guri, bai gainerako taldeei ere.

Gorabehera horiek ia debekatuta daude hemendik aurrera. Kopatik kanpo, Europa da taldeari geratzen zaion helburu bakarra. Eta beti gertu egon arren, zertxobait faltatzen ari zaio postu horietan egoteko.

Batez ere emaitzak zaindu behar ditugu. Jokoarekin harremana duten arren, askotan nahastu egiten dira «joko ona» eta «joko polita» emaitzekin. Eta batzuetan tristea iruditu arren, gure ardura nagusia puntuak lortzea izan behar da; eta puntuak lortzen erregulartasuna izatea, horrek mantentzen baitzaitu bizirik borrokan.

Hemendik aurrera teoria hori praktikan jartzeko zer da gehien zaindu behar duzuena?

Orain arteko joera ikusita, argi dago batez ere etxetik kanpo ditugula betebeharrak egiteko, etxean puntu dexente lortzen ari baikara. Kanpoan gehiago saiatu behar gara, batez ere defentsan hobeto aritu behar du talde osoak, jasotako golek min handia eman digutelako.

Izan ere, defentsari buruzkoak izan dira orain arteko kritika gehienak.

Bai, baina defentsa sistemaz hitz egin beharko genuke. Bartzelonaren aurka oso ondo funtzionatu zuela ikusi genuen, denok oso kontzientziatuta egon ginelako partida defentsibo ona egin behar genuela. Beste aurkari batzuek aukera gehiago ematen dizute erasoan, eta askotan desorekak sortzen dira eraso eta defentsa arteko lan horretan; bakoitzak bere postuan egin behar duen lan ofentsibo eta defentsibo horretan desorekak sortzen dira, eta nire ustetan arazo hori izan dugu. Argi dago ardura nagusia atzelariona dela, baina defentsa lan horretan denok parte hartu behar dugu. Eta denok inplikatzen garenean, Athletic gainditzea oso zaila dela demostratu dugu. Hortik ekiten saiatu behar dugu.

Bide horri ekiten zelai gainean saiatuko direnen artean badirudi zu zeu egongo zarela.

Azkenaldian, zorionez, banago eta oso pozik nago taldeari laguntzeko aukera izateagatik. Garrantzitsuena, ni ala beste bat egon, taldeak emaitzak lortzea da, baina lan horretan parte-hartzea pozgarria da beti.

Denboraldi hasieran oso bestelakoa zirudien egoerak.

Bai, asko ari gara postu berbererako lehian, eta beraz, jokatzeko aukera izatea ohore bat da. Beste momentu batzuetan beste taldekide batek jokatu du, eta agian hemendik gutxira beste batek egingo du, baina momentuz ni gozatzen ari naiz eta postuari eusteko lanean jarraitzeko prest nago.

Egoera ez da berria zuretzako. Urtero agertzen da jokalari berri bat zuri postua lehiatzeko prest.

Bai, eta aurten bi izan beharrean lau ari gara lehian. Lehiakideak izatea ona da taldearentzako, daukagun dena ematen dugulako denok. Gero, erabakia misterrak hartzen du; eta tokatzen zaizunean pozik eta tokatzen ez zaizunean, lan gehiago egin eta aukera itxaron behar duzu.

Datorren denboraldian borroka horretan ikusiko al zaitugu?

Ikusiko dugu. Kontratua amaituko zait, baina oraindik ez dakit jarraituko ote dudan.

Lasai azaltzen zara beti gai horrekin, baina denbora pasa ahala zailagoa izango da lasaitasun horri eustea.

Bai, denbora aurrera doa, baina bigarren itzuli osoa geratzen da oraindik, eta esan bezala, lasai nago. Etorkizunari baino, orainaldiari begiratzen diot. Ahalik eta gehien jokatzen saiatu behar dut, hori lortzen badut etortzen dena ziur aski ona izango delako.

Gaur, urtarrilak 10, zuri-gorriz ikusten duzu zure burua. Hemendik urtebetera?

Egia esan, une honetan kolokan ikusten dut, baietz ala ezetz izan daiteke. Orain unea gozatzen zentratuta nago eta ahalik eta gehien jokatzeko itxaropena daukat. Eta etorri behar dena etorriko da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo