PRESOEN ALDEKO BERTSO SAIOA
Hitzez irudikatu eta kantatu dute behar eta desio dena
Hutsik gabeko zita askorentzat, eta horregatik atzo ere «sarrerarik ez dago» karteltxoa zintzilikatu behar izan zuten Oiartzungo Elorsoro kiroldegiaren atean. Elkartasuna, hitza eta errima batzen dituen Etxeraten bertso saioak irribarreak findu eta bihotzak hunkitu zituen beste behin.
Maider EIZMENDI
Harmailak eta kantxa lepo, txalo artean taularatu ziren «Egin poto elkartasunean» saioko zortzi bertsolariak: Jon Maia, Xabier Silveira, Julio Soto, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Igor Elortza. Atzean, herenegun Egin Dezagun Urratsa ekimenak Bilbon antolatu zuen manifestazioa zabaldu zuen «Euskal Presoak Euskal Herrira» zapi handia zintzilikatuta.
Agurretik bertatik egin zioten erreferentzia zortzi bertsolariek antolatzaileek hasieran esan zuten moduan euskal preso eta iheslariak etxera ekartzeko behar eta desioari. Alaia Martin oiartzuarrak egin zien keinu etxetik urrun daudenei eta bertaratutakoen txalo artean amaitu zuen bertsoa honela: «Ondo dakigu ez zaudetela/ baina behin Sarrik zion bezela/ ez den hura ere bada/ bazaretelako gara».
Unai Elizasu gai-jartzaileak atzera begira jarri zituen Martin, Lujanbio, Maia eta Soto eta behin eta berriz eginagatik errepikatuko luketena eta berriz ere sekula errepikatu nahi ez duten horren inguruan galdetu zien bertsolariei. Sentitua, inondik ere, Maiaren bigarren bertsoa: «Kentzeko errima hautagai bat, guztietan bat da malko/ eta beste bat iritsiko da, ta beste bat gerorako/ nik esperantza kenduko nuke, rimetatik betirako/ denok espero genuen hori jada iritsi delako».
Arzallus eta Colina, berriz, Parisera bidean trenean jarri zituen Elizasuk, elkarri maitasun keinuak egiten zizkioten bikotez inguratuta. Arzallusek horrela irudikatu zuen kartzelara bisitan egindako bidaia: «Hilerokoa dugu, ez dugu notizi/ nik hiru kontraesan aurkitu Parisi/ justizian hirian zenbat injustizi/ ta argien hirian ze iluntasun krisi/ maiteminen hirian zer gorroto bizi».
Umoreari ere tarte egin nahi izan zioten bertso saioan eta Julio Sotori eta Jon Maiari Olentzerok ekarritako «fans man»-ek -Silveira eta Elorza- ateraldi bat baino gehiago eragin zuten, baita bertsolari guztiak poto egiteko ahaleginetan jarri zituenean ere gai-jartzaileak. Silveirak eragin zuen lehen irribarrea, «Zenbat egin behar dira? Zuek esan nik egin» galdegin zuenean. Ordutik errimak errepikatzeko jokoan sartu ziren txandaka-txandaka, Arzallusek ikusleei arren, eurek eseri ahal izateko txaloekin poto egin zezaten eskatu arte.
Bertso saioaren muinari helduta berriz, bakar lanean jarri zuen gai-jartzaileak Arzallus. «Aste honetan bitan joan zara Bilbora eta bietan jendetza topatu duzu», esan zion. Athleticen eta Bartzelonaren arteko partida eta herenegungo manifestazioa hartu zituen ahotan eta honela kantatu zuen bigarrena: «Larunbatean han nengon Bilbon, iritsi nintzen eta ño!/ ostatuetan ostatu kerik ez, kalean dena behe laino/ zeren ta bista ailegatzen zen, oso-oso urrutiraiño/ holako jende ilara ez dut ikusia egundaiño/ Autonomiatik hasten zen eta Independentziaraino».
Lujanbio espetxean urteroko egutegia jaso eta maiatza arteko hilak baino ez dituela konturatu den presoaren lekuan jarri zuen: «Egun ta gauak, gau ta egunak, beti zapore garratza/ egutegiko orri atzetan, hor ote da esperantza/ presook baina hartua dugu ibiltariaren traza/ nahiago dugu pixkana joan, baina beti aurrerantza/ ta hau ez bada iritsiko da udazkeneko maiatza».
Azken agurretan itxaropenari jarri zizkioten bertsolariek hitzak. «Herri izaera inork ezin digu kendu/ Estatu izan nahi dugu, gizarte eredu/ betiko helburuekin bidean gaude gu/maite zaituztegu eta behar zaituztegu/ betiko helburuekin bidean gaude gu/ zuekin bakar bakarrik lortu dezakegu».