GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

PILOTA Berezkoak

Faborito guztiak izango dira bigarren ekinaldian

p036_f02.jpg

J.L.

Ezusterik gabe abiatu da Berezkoen Buruz Buruko Txapelketa, eta lehen jardunaldiko lau faboritoak, Laurent Lanbertek, Larretxeak, Bonebeltxek eta Jannotsek aurrera egin dute.

Aspaldiko partez lehiaketako partida izan zen Landesen, eta Saint Martin de Hinxeko trinketak bere jantzirik onenak erakutsi zituen lehen kanporaketako bi partida hartzeko, eta erabat bete ziren harmailak.

Lehen partidan Bonebeltxek aparteko eragozpenik gabe irabazi zion Ducassouri 24-40. Ducassou hasieratik aurretik ibili zen markagailuan, baina apurka-apurka Bonebeltxe partidari tamaina hartzen joan zen, eta amaieran garaipen erosoa lortu zuen. Orokorrean norgehiagoka oso kaskarra izan zen. Joko gutxi, erritmoa ere motela eta amaieran markagailuan ere alde handiak izan ziren. Bigarren kanporaketan Bonebeltxek Etxetoren aurka jokatuko du.

Bigarren partida ikusteko gogo bizia zegoen Landesen, herrialde horretako pilotari gutxi izan baitira buruz burukoa jokatzen profesionalekin, eta maila nagusira iritsi berri den Jannotsek bere lehen kanporaketa zuen. Aurrez aurre beterano bat, Ezkurra I.a. Urruñakoa txapela ere jantzitakoa da, eskarmentu handikoa.

Urteak, ordea, ez dira alferrik pasatzen, eta atzo ezin izan zuen Jannotsekin. Landesekoak 40 eta 33 irabazi zuen, eta bigarren kanporaketa jokatzeko txartela eskuratu zuen. Hala ere, Ezkurrak izerdia erruz botarazi zion Jannotsi. Irabazleak bigarren kanporaketan Harizmendi izango du aurrez aurre.

Baigorri

Baigorrin ere ez zen ezusterik izan. Jaialdia irekitzeko profesionaletara iritsi berriak diren Laurent Lanbert eta Agirre neurtu ziren, eta amaieran Lanbertek erraz lortu zuen garaipena, 40-20 erakusten zuen markagailuan. Hasieratik bukaerara nagusi izan zen Lanbert, eta inoiz ez zuen izan arriskuan garaipena. Bigarren kanporaketan Lazkanoren aurka jokatu beharko du.

Bigarren partida Olivier Larretxeak irabazi zuen 40 eta 33 Ximun Lanberten aurka. Larretxeak azken urte hauetan lesio dezente izan ditu, eta bere jokoa ikusgai zegoen, baina Zuraidekoak oso norgehiagoka ona egin zuen atzo. Markagailuari begiratuta dirudiena baino garaipen erosoagoa lortu zuen lapurtarrak. Gakoa sakean egon zen, izan ere Larretxeak hasierako jokaldiari esker 15 tanto lortu zituen, eta horrela zaila da garaipenak ihes egitea. Hurrengo kanporaketan Alfaroren aurka jokatuko du Zuraidekoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo