GARA > Idatzia > Kirolak> Baskonia

Lagun Arori irabazteko erruz jokatu behar da

Josean ALDALUR
Askatuak taldeko entrenatzaile ohia

Oso partida gogorra ikusi dugu. Markagailuan alde txikia izan bada ere, nabaritu da talde bien artean dagoen diferentzia, aurrekontuari dagokionez. Begira, Teletovic oso ongi defenditu du Lagun Aro GBC-ek, eta Barac-ek ez du jokatu gripea dela-eta. Baina Logan hor azaldu da, Baroni sekulako defentsa eginez, eta Pape Sow eta Batista ere bai, saskipean, errebotean batik bat min handia emanez donostiarrei. Partida ona jokatu dute biek, ikusteko oso polita.

Ikusi da, bide batez, aurten donostiarrei irabazteko erruz jokatu behar dela. Pena da aurreko asteburuan Alacanten aurka halako mailarik eman ez izana. Derbian bezala jokatu izan balute, nahiz eta partida guztiak ezberdinak diren, nik uste irabaziko zukeela Lagun Arok. Normalean, sartutako puntuak baino balorazio altuagoa lortzean -80 puntu, eta 87ko balorazioa- irabazi egin ohi da, baina ez da horrela izan. Lastima da, partida polita egin arren galdu eta, ondorioz, Koparako ia aukerarik gabe geratu delako. Aurreneko itzulia bukatzeko falta diren neurketa biak irabazi behar ditu eta besteen hutsegiteen zain geratu behar du.

Derbia gaizki hasi da gasteiztarrentzat. Barac gabe, bosteko «arin» bat bilatu du Ivanovic-ek, Teletovic eta Sow kantxaratuz. Baina ez du asmatu eta hutsartea eskatu behar izan du. Han sekulako orroak bota ditu eta ordutik aurrera gauzak bere lekuan jartzen hasi da Baskonia.

Hala ere, Lagun Aro gertu izan du uneoro, eta hori, Loganek Baroni sekulako defentsa egin arren. Tira, egur dezente eman dio, eta jendeak asko protestatu du epaileen lana, baina ez dute emaitzan zeresan handirik izan. Jakina da Baron edo Pankok bere maila eman ezik asko murrizten dela Lagun Aroren gaitasuna.

Pablo Lasok, bere aldetik, ongi babestu du Doblas. Aurreneko zatian Doblasi behin eta berriro eraso dio Baskoniak eta aulkian eseri behar izan du. Bigarrenean atera du eta gogorrago jokatu du. Ondorioz, aukerak izan ditu irabazteko; izan ere, Baskoniak errebote gehiago jasoagatik, baloi gehiago galdu ditu. Ongi jokatu behar izan du irabazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo