«Ekialde» ikusgarrian oinarritu diskoa kaleratu du Hebendik-ek
Mixel Etxekoparrek sortu eta, besteak beste, Amaren Alabak, Peio Cachenaut, Jeremie Garat eta Jean Xarles Sans musikari eta kantarien bozak bildu dituen diskoa plazaratu du Hebendik Zuberoako elkarteak. «Ekialde» ikusgarrian oinarritua eta bi zatitan banatua da lana.Ainize BUTRON | BAIONA
Goi Aragoi, Erronkari, Zuberoa eta Bearnoko Aspe eskualdeen artean lotura egin nahian sortu zuen Hebendik elkarteak «Ekialde» ikusgarria joan den udan. Gotaineko Xiru jaialdian lehen agerpena egin ondoren, ikusgarria bere osotasunean Santa-Grazin eskaini zuten uztailaren 17an. Horren ondotik, beste hiru ibarretan barrena «munduko itzulia» egiteko aukera izan zuen. Hebendik elkarteak, ikusgarri horretan eman ziren kantu eta doinuak disko batean biltzea erabaki du. «Gure lehen ekoizpen xumea da», esan zuen Mixel Etxekopar egitasmoaren eramaileak.
Diskoa bi zatitan banatua da, beraz. Lehen zatian, Pierre Visslerren Zuberoako estudioetan ekoizturiko «argazki soinuduna» entzuten ahal da. Bertan, musika lagun dutela, Erronkari, Echo ibar, Aspe ibar eta Zuberoako bozak eta euskalkiak entzuten dira. «Lau ibarretako hizkuntzen aberastasuna agertu nahi izan dugu lehen zati horretan», argitu zuen Etxekoparrek.
Ikusgarriko abesti eta doinuak
Diskoaren bigarren zatian, berriz, Xiru jaialdiaren 2010ko edizioan sortua izan zen ikusgarria, «Ekialde», plazaratua da. Mixel Etxekopar, Jeremi Garat eta Jean Xarles Sans musikarien doinuak, bai eta Amaren Alabak eta Peio Cachenauten bozak ere agertzen dira bertan.
Musikari eta kantariek azaldutako abestiak Ttittika Rekalt zuberotarraren eta beste hiru ibarretako idazleen idazkiak dituzte oinarri. «Ekialde», ikusgarria baino haragoko egitasmoa zela nabarmendu zuen Mixel Etxekoparrek. Horrenbestez, lau herrialde horiek arteari eta jendarteari dagokionez komunean dutena goraipatzen du: xirula eta ttunttuna soinu-tresna herrikoiak, hainbat dantza erritmo, laborantzaren gainbehera, biztanle kopuru mendratua eta arriskuan diren mintzairak.
«Ekialde» izeneko disko berria hiru lekutan izango da salgai. Santa Graziko Elizalt ostatuan eta Mauleko Herri ekoizpen saltegian, batetik. Eta, Hebendik elkartearen Internet gunean, bestetik.
Diskoaren bidez, lau ibarretako herritarrei lekua eman nahi izan die Hebendik elkarteak. Horrenbestez, lau ibarretako mintzaira eta kulturaren oroimena atxiki nahi zutela esan zuten.