Jon Anzaren senitarteko bat auzitara eraman dute haren heriotza salatzeagatik
GARA | DONOSTIA
Jon Anzaren senitarteko batek Donostiako Epaitegian deklaratu beharko du bihar auzipetu gisa, Estatuko «segurtasun indarrak iraintzea leporatuta». Kanpoaldean, eguerdiko 12.30ean elkarretaratzea deitu dute auzia salatzeko.
Amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, Anzaren gorpua Okzitaniako Tolosan agertu eta hurrengo egunetan, 2010eko martxoaren 13 eta 14an, Intxaurrondon zein Donostian egin ziren manifestazioak deitu zituen auzotarra da auzitara eraman dutena eta, ondorioz, ekimen horrekin «herritar ororen adierazpen askatasuna eta mobilizatzeko eskubidea urratu» dela diote. Iraila eta azaroa artean bi zigor-espediente ireki zizkioten emakumeari milana eurokoak; manifestazioaren baimena eskatu ahal izateko legeak aurreikusten duen epea «ez errespetatzeagatik» eta bi martxetan «Poliziak torturatu eta hil egiten du», «PSOE erantzule» edota «Rubalcaba hiltzaile» gisakoak oihukatzeagatik.
Bestalde, Intxaurrondoko bizilagunari prozedura penala ireki diote. Martxoko manifestazioen ondoren, Ertzaintzak komisariara dei egin zion ekitaldian irakurritakoaren gainean azalpenak eman zitzan, eta berak deklaratzeari uko egin zion. Hala, manifestazioaren eta komisarian gertaturikoaren gainean Ertzaintzak egindako txostena zela-eta, Auzitegi Nazionalak Fiskaltzaren esku utzi zuen «terrorismoaren goratzea» izan ote zen aztertzeko ardura. Urrian, gisa horretako deliturik ez zela izan ebatzi arren, manifestazioaren amaiera ekitaldian senideak «segurtasun indarrak iraindu» zituela esan zuen fiskalak. Hortaz, kausa penala Donostiako Epaitegiaren esku uztea erabaki zuen. Bihar deklaratuko du inputatu gisa. Amnistiaren aldeko mugimenduak irregulartasunak izan direla salatu du, pertsona bera delitu beragatik bide penaletik zein administratibotik ezin daitekeela zigortu defendatuz.
Gertakari horien guztien aurrean, Estatu espainoleko eta Gasteizko Gobernuko agintarien jarrera salatu du. Gainera, «Jonek omenaldia merezi zuela eta merezi duela berretsi» dute eta «Jonekin zer gertatu zen argitu dezaten» eskatzen jarraituko dutela azaldu.
Bestalde, Ugaitz Elizaran auzotarraren atxiloketa salatzeko egindako manifestazio bategatik beste bi lagun ere auzipetuak izan dira eta 500 euroko isun eskaera egin diete.