Amaia Elkano Garralda Euskal preso politikoa
Nire zerrendakideei
Osteguna. Goizero bezala errekonturako txirrinak esnatu nau. Urdina pasa eta telebista piztu. Oraindik zortziak ez dute jo. Ohean eseri eta bat-batean... hain ezagunak diren irudiak: gaua, Polizia, furgoiak, atari ilunak eta, nola ez, atxilotutako gazteren bat. Oraingoan zortzi, kakazaharra!
Irratian beste sei izenekin batera zuenak ere entzun ditut, nire Itxaskun eta Garazina. Berrietan akusazio potoloak bota dituzte, baina zuek, ni eta beste gazte asko bezala, «zerrenda beltza» deitutako horietan ginela isildu dute. Alegia, torturapean lortutako deklarazioak oinarri, sortu dituzten akusazioak direla. Aireportuetan lehenbizikoz ezarritako «alarma egoera» Euskal Herrian, eta bereziki gazteon kontra aspaldi finkatu zuten, baina bidegabekeria honetaz komunikabideak ez dira mintzo.
Iazko azaroan hogeita hamapiko lagun atxilotu gintuztenean, horrelako sarekadetako azkenekoa izango zelako konfiantza banuen. Izan ere, sarekadaren oihartzun eta tamainaz gainera, sekulako erantzuna eman zuelako euskal gizarteak orokorrean eta euskal gazteriak bereziki. Gogoan dut Bilboko manifestazio erraldoian hortxe zinetela lehenengo lerroan eta Gazte Topaketetan gure zain ziren aulkiak gorde zenizkigutela. Preso sartu gintuzten, baina oso harro eta indartsu, gure espetxeratzeak behintzat Euskal Herriaren giharra indartzeko balio izan zuelako. 34 urrundu arren, beste hainbeste batu baitziren prozesu demokratikoaren aldeko aldarrian.
Azken hilabeteotako sarekadekin, giharrak indartzen jarraitu du, alarma gorriaren sirenak eta askatasun nahiarenak gero eta jende gehiago zutiarazten dutelako. Ez dakit Estatuak noiz arte gor jarraituko duen otso-gauen bidetik; baina bai, euskal herritarrak eta gazteok eraikitako aldarri sendo eta irmoa entzun eta errespetatzeko beste biderik geldituko ez zaion eguna iritsiko da. Eta horretan, argi izan, Izaskun eta Garazi, zuek egindako lanak izugarri aberastuko gaituela.
Egun grisetan zera gogora ezazue: Euskal Herria irabazteko borroka latza dela, baina gure laguntasuna eta maitasuna bidelagun dituzuela.
Aupa lagunak! Gora bihotzak!
(Joan den abenduan Madrid II kartzelan idatzitako gutuna)