GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Espainiako Vuelta: kirola eta errebindikazioa

Gaur aurkeztuko duten Espainiako Vueltak eskaintzen duen nobedade nagusia bere ibilbidea da. Euskal lurrak zapaldu gabe hogeita hamalau urte egin ostean, Vueltako txirrindulariek Hego Euskal Herria zeharkatuko dute bi etapatan, Bilbon eta Gasteizen amaituko direnetan, hain zuzen. Munduko afiziorik onenarekin partekatu nahi omen dute aurtengo Vuelta; hala esan zuten haren arduradunek, baina badirudi hori baino arrazoi «sakonagoa» dagoela erabakiaren atzean: bere kirol selekzioen aldeko aldarria gero eta sendoagoa den lurralde batean espainiartasuna berresteko saioa; espainiartasuna, edozein naziotasun, dekretuz berretsiko balitz bezala. Euskal Herriko kirolzale askok, euskal herritar askok, ordezkaritza propioa eskatzen dute beren kirolarientzat, eta hori ez da herri honen espainiartasunaren onarpenarekin bateragarria, are gutxiago espainiartasun horrek euskalduntasuna ukatzen duenean. Ez da kasualitatea Lakuako Gobernuan Patxi Lopez dagoela etortzea Vuelta Euskal Herrira, espainiar selekzioak euskaldunekin «partekatzeko» tematuta dagoena. Euskal txirrindularitza zaleak afizio eredugarria dira txirrindulariei beren atxikimendu eta adorea ematen, hala erakutsi izan dute Tourrean eta beste lasterketa askotan, baina aldi berean errebindikazioa aldean eramaten ere jakin izan dute. Espainiako Vuelta ere hartarako aukera egokia izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo