GARA > Idatzia > Ekonomia

Bilboko Portuak Pancorbon izango duen gunea 2012an hasiko da martxan

GARA

Gauza jakina da Bilboko Portuko agintariek Burgosko Pancorbo herria aukeratu dutela gune logistikoa kokatzeko, eta atzo bertako alkate Jaime Estefaniak adierazi zuenez, gune hori heldu den urtean hasiko da lanean, nahiz eta ehuneko ehunean aritzeko beste zortzi edo hamar urte beharko dituen.

Alde horretatik, alkateak proiektua oso handia dela adierazi zuen eta erabateko jarduera lortu arte urte luzeak joango direla. Hala ere, gaineratu zuen hasi berria den urtea «mugimendu handikoa» izango dela, instalazioak egokitzeko lanak hasiko baitira. Besteren artean, Burgos eta Gasteiz lotzen dituen trenbidearekin lotura izango duen adar bat eraiki beharko dute Pancorboko industrialdean.

Gune logistikoak herri horri onura asko ekarriko dizkiola adierazi zuen Estefaniak, eta bertako biztanle kopurua bikoiztuko dela iragarri zuen, 1.200 bizilaguneraino. Gainera, Udalak hiru milioi euro jasoko ditu Bilboko Portuaren eskutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo