Europako ekoizleek EBren eta Marokoren arteko akordioa geldiarazi nahi dute
GARA
Europako nekazaritza arloko ekoizleek batzea erabaki dute Europar Batasunak eta Marokok izenpetuko duten hitzarmena geldiarazteko. Hainbat herrialdetako ekoizleek bilera egin zuten atzo Bruselan Jose Bove eurodiputatuarekin, eta EBk Afrikako herrialdearekin sinatu nahi duen akordioaren aurka daudela adierazi zioten.
Alderdi Berdeko kide Bove da, hain zuzen, Europako Parlamentuak akordio horri buruz egingo duen txostena idazteko ardura duen parlamentaria.
Estatu espainoleko ordezkariek Efe agentziari adierazi ziotenez, bilera horrek hitzarmen horren aurka daudela adierazteko eta herrialde desberdinetako ekoizleek ekimen bateratua abiatzeko balio izan zuen. Iturri horiek adierazitakoaren arabera, ekimen horren helburua eurodiputatuei, erakundeei eta herrialde desberdinetako iritzi publikoari akordioaren ondorio kaltegarrien gaineko informazioa helaraztea izango litzateke. Bide horretan, asanbladak bultzatuko dituzte, eta ekoizleei bertan parte hartzera dei egin zieten.
Akordioaren gaineko bozketa martxoan egingo dute Europako Parlamentuko batzordean eta, ekainean, osoko bilkuran, eta ordurako beren jarrera ondo ezagutarazi nahi dute nekazariek. Hitzarmena indarrean sartzeko, ezinbestekoa da Parlamentuaren babesa jasotzea.
Besteak beste, Europa hegoaldeko herrialdeetako ekoizleek ez dute begi onez ikusten akordioak Marokotik fruta eta barazkiak heltzeko ematen dituen erraztasunak, Marokoko produktuak askoz merkeagoak izanik beren salmentei kalte handia egingo dietelakoan.