GARA > Idatzia > Kirolak> Baskonia

Eten txiki bat aldaketa prozesuan

Baskoniak Joventut jasoko du Zurbaon, nahiz eta Gasteizen fitxaketa kontuak bakarrik entzun. Cabezas eta Pietrus dira aipatuenak.

p042_f01_ona.jpg

 
BASKONIA-JOVENTUT

Asier AIESTARAN

Caja Laboral Baskoniak martxan jarri berri duen aldaketa prozesuan bete-betean sartuta egingo dio aurre gaur DKV Joventuten aurkako partidari. Aurreko astean Esteban Batista fitxatu ondoren, gasteiztarrak beste bi jokalariren atzetik dabiltzala jakin dugu azken egunotan, denboraldiaren zati erabakigarriari behar bezala aurre egiteko. Hilaren 18an amaituko da Euroligan jokalari berriak inskribatzeko aukera, eta fitxaketak epe hori bete aurretik egin nahi dituzte.

Gehien entzuten den izena Carlos Cabezas andaluziarrarena da. Denboraldi hasierak argi utzi du taldeak Marcelinhori atsedena emango dion bigarren antolatzailea beharrezkoa duela, Pau Ribasekin eta David Loganekin egindako probek ez dutelako arrakastarik izan. Dusko Ivanovicek gustukoa du Cabezas eta hura fitxatzear egon zen Baskonia aurreko udan, baina ez zen akordio ekonomikorik lortu eta Cabezasek CAI Zaragozaren eskaintza onartu zuen.

Horixe da orain oztopo nagusia. Aragoiko taldearen presidente Reynaldo Benito hitz egiteko prest agertu da, baina dirua eta jokalari bat eskatzen ditu Cabezasen truke. Baskonia aspalditik dabil Dejan Musli nonbait kokatu nahian, baina zenbait komunikabidek argitaratu dutenez, Zaragozak Pau Ribas eskatu du. Dirudienez, arabarrek ez dute aukera erabat baztertzen.

Beste aldaketa, barruko jokoan etor liteke. Izan ere, Batistaren fitxaketarekin, center postua ondo beteta dauka taldeak eta Pape Sowren beharra ez da horrenbestekoa. Bere ordez, Ivanovicek nahiago du lauko postuan Teletovici atsedena eman eta aurkari indartsuak defendatzeko gai izango den jokalari bat; bere izena Florent Pietrus izan daiteke. Guadalupekoak oso aho zapore ona utzi zuen denboraldi hasieran Gasteizen eman zuen hilabetean eta datorren astelehenean amaitzen zaio Valentziarekin duen kontratua. Ematen duenez, bide guztiek leku berera daramate.

Adi, English eta McDonaldekin

Zurrumurruak alde batera utzita, Gasteizko taldearen lehen egitekoa gaur Joventuti irabaztea izango da. Estatistikak euskaldunen aldekoak dira, Badalonako taldeak hamabi urte baitaramatza Zurbaon irabazi gabe, baina ezin da ahaztu Baskonian aritutako bi jokalari, Carl English eta Will McDonald, sasoi betean iritsiko direla Zurbaora.

Jaurtitzaile kanadarrak 63 puntu sartu ditu azken bi partidak batuta, eta azken hirurak kontuan hartuz gero, batez bestekoa 28 puntukoa da. «Gasteizen nire rola aldatu behar izan nuen, jaurtitzaile hutsa bilakatu nintzen, eta aldaketa beti da zaila. Joventuten nire betiko jokora itzuli naiz eta lidergoa hartu behar izan dut, taldea oso gaztea delako», aipatu du asteon. McDonald, berriz, orain arteko jardunaldi guztietan gutxienez hamar puntu sartu dituen jokalari bakarra da Carrollekin batera.

Kataluniarrek Triasen hutsunea izango dute -orkatila bihurritu du- eta Baskonian San Emeterio eta Barac jokatzeko moduan izango dira.

 
RIBAS

Zenbait komunikabidek argitaratu dutenez, Zaragozak Pau Ribas eskatu du Cabezasen ordez. Jokalariak, ordea, horren berririk ez duela esan zuen eta beste bi urteko kontratua duela.

KOPA

Kopako zozketa datorren astelehen eguerdian egingo dute Madrilgo Casa de Correos-en. Baskoniako ordezkariak bertan izango dira eta Teledeporte kateak zuzenean eskainiko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo