Parisek eta Madrilek bi atxiloketarekin erantzun dute
GARA | ZARAUTZ
ETAk su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria iragarri eta hemezortzi ordura Madrilek eta Parisek, elkarlanean, bi euskal herritarren atxiloketarekin erantzun dute.
Iraitz Gesalaga eta Itsaso Urtiaga zarauztar gazteak dira atzo goizaldean Polizia frantsesak eta Guardia Zibilak, hurrenez hurren, atxilotutako lagunak, biei ETArekin harremana izatea leporatuta.
Agentziek azaldutakoaren arabera, polizia operazio honen oinarria 2008ko maiatzaren 20an Bordelen egindako sarekadan ustez aurkitutako txostenetan legoke.
Informazioa eskuratu eta atxiloketa hauek egin bitartean ia hiru urte igaro diren arren, Barne Ministerioak betiko leloa errepikatu eta «ETAren kontrako kolpe garrantzitsua» dela esanez aurkeztu zuen atzoko operazioa. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde, bozeramaile eta Barne ministroak, are urrunago joanez, Gesalaga «ETAren informatiko eta komunikazioen segurtasun arduraduna» dela esan zuen.
Estatu espainolean zabaldutako informazioak eta egindako balorazioak ez datoz bat, ordea, frantses komunikabideek zabaldutako mezuekin. Izan ere, `FranceBleu' irratiak eguerdiko albistegian nabarmendu zuen, polizia iturriei jarraituz, atxilotutako pertsonak «ETAren barruan oso bigarren mailakoak» direla, eta Gesalaga epaile aurrera Parisera eramango dutela ere zalantzan jarri zuen. «Operazioa aspalditik onartua» zela zabaldu zuen irrati kateak.
Laurence Le Vert eta Fernando Grande-Marlaska epaileek zuzendutako operazioa goizaldeko seietan abiatu zen Ziburun. Lapurdiko herrian, Polizia frantsesak Gesalaga, Tximas ezizenarekin ezaguna, atzeman zuen bere etxebizitzan -amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, hilabeteak zeraman Ziburun informatikari lanean eta bertan bizimodu erabat publikoa eginez-.
Minutu gutxiren ostean, Guardia Zibilak Urtiaga hartu zuen atxilo Zarautzen, elkartasuna adieraztera inguratu zitzaizkion herritarrak lekuko zirela.
Kezka, tortura arriskuagatik
Ordu luzeak iraun zuten etxebizitzen miaketak, Ziburun goiza eta arratsaldea eman baitzuten araketa lanetan.
Horien ostean, poliziek Gesalaga Baionako komisariara eraman zutela zioten informazio agentziek. Urtiaga non dagoen jakiterik ez dago, ordea, inkomunikatuta baitaukate, guardia zibilen eskuetan. Amnistiaren aldeko mugimenduak kezka agertu zuen Urtiagaren egoeragatik eta «inkomunikazioak tortura ahalbideratzen duela» ohartarazi zuen beste behin.
Atxilotutako gazteak bikotekideak eta informatika arloan adituak direla zabaldu dute informazio agentzia espainolek eta erakunde armatua «informatikan trebatzea» egozten diete.
Are gehiago, Gesalaga FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak, «informatikan trebatzen» jardun zuela ere diote agentziek, eta gainera, horretarako Venezuelara bidaiatu omen zuela gaineratzen dute.
Atxiloketa hauek, ETAren agiriari estatu espainolak eta frantsesak eman dioten «erantzun bateratua» direla adierazi zuen atzo amnistiaren aldeko mugimenduak, eta «propaganda hutsa» direla salatu zuen.
«Bizi duten ezintasun politikoa ezkutatzeko garaipen militarra saldu nahi dute», dio mugimenduak igorri duen oharrak.
Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo ilun- tzean Ziburun. Polizia frantsesak gogor oldartu eta gasa baliatuz 126 lagun batu zituen protesta desegin zuen.
Zarautzen aldiz, manifestaldia egin zuten 300 herritarrek atxilotutakoei elkartasuna helarazteko.
Informazio agentzia espainolek Gesalaga Ziburun «semi-klandestinitatean» bizi zela diote. Alta, ondoren kontraesankorrak diren hainbat datu aipatzen dituzte, hala nola Gesalagak lan egiten zuen enpresetako web orrietan azaltzen zirela bere deitura eta bere helbidea, atxilotua izan den tokikoa.
Ziburun, Gesalagaren atxiloketa salatzeko asmoz lagun andana batu zen etxearen miaketak iraun zuen bitartean. Tentsio une gogorrak bizi izan ziren eta Polizia frantsesak gasa baliatuz desegin zuen protesta.