GARA > Idatzia > Kultura

Hamar herrialdetako 18 lan Iruñean, nazioarteko zinema dokumentalaren jaialdian

 

GARA | IRUÑEA

Ikuspuntu zinema jaialdiko sail ofizialean lehiatzeko aurkeztu diren 737 filmetatik 18 lan aukeratu dituzte: 12 film luze eta 6 film labur, hain zuzen ere. Ikusleek mundu zabaleko lanak ikusteko parada izango dute, aukeratutako filmak hamar herrialdetakoak baitira (Britainia Handia, Estatu espainola, AEB, Portugal, Txekiar Errepublika, Estatu frantsesa, Argentina, Letonia, Belgika eta India).

Film luzeen artean, Susana de Sousa portugaldarrak «48» aurkeztuko du, Antonio de Oliveira de Salazar buru izan zuen 48 urteko diktadurari buruzkoa, Europan XX. mendean izandako luzeena, hain zuzen. Istorioa biribiltzeko, garai hura jasan zutenen adierazpenak bildu ditu lan horretan, baita haien fitxa polizialetako argazkiak ere. Viera Cakanyova txekiarra, bestalde, «Alda» lanarekin ariko da lehian, alzheimerrak jota dagoen gaixo baten egunerokoa oinarri hartuta; Andres Duquek «Color perro que huye» aurkeztuko du, istripu baten ondorioetatik sortutako film poetiko eta intimoa.

«Erie»rekin izango da jaialdian Kevin Jerome Everson estatubatuarra, izen bera duen lakuaren inguruan bizi den komunitate afroamerikarraren egunerokotasuna oinarri hartuta. Ikuspuntu-n izango den AEBetako bigarren filma Verena Paravel-ek eta J.P. Sniadecki-k sinatutakoa da. «Foreign Parts»ek New York inguruetan hustear den auzo batean jazotzen diren salaketak biltzen ditu. AEBetatik dator Brent Green-en «Gravity Was Everywhere Back Then» ere, animaziozko lana honakoa.

Laburren lehiaketa

«Histoire racontée par Jean Dougnac»ek (Noelle Pujol), hogeita hamar urtetan agure batek gordeta izan duen sekretuaren kontakizuna du ardatz eta, «Ici-Bas»ek (Comes Chahbazian), bestalde, familia, lana, kalea eta memoria hartzen ditu aintzat. Britainia Handitik, Clio Barnardek «The Arbor» eramango du Iruñera, familiarteko erlazioak erakutsiz, eta Duncan Campbell-ek «Make it New John», DeLorean auto modeloaren sortzaileari buruzko dokumentala. Ion de Sosak «True Love» eramango du lehiara, bere lehenengo lan luzea, Ernesto Boca argentinarraren «Vrindavana»rekin batera, India iparraldeko eskualde bateko bizimoduan oinarritua.

Film laburretan bost proposamen izango dira: Jeanne Liotta-ren «Crosswalk» -35 mm-tan filmatua-; Juan Carrascalen «El Maná»; Anne Frances Ewerte-ek zuzendutako «Into the Middle of Nowhere» -jolasen eta irudimenaren bidez haurrek antzematen duten errealitateari buruzkoa-; «Into the Middle of Nowhere», Anne Frances Ewert britainiarrak zuzendua; Laila Pakalninaren «On Rubiks' Road» -ibili, korrika egin, gidatu eta hegan egiten duen mundua irudikatzen du letoniarraren lan honek-; eta Fathima Nizaruddi britainiarraren «Talking Heads. Muslim Women» -teknologia berriek emakume musulmanak biktima homogeneo bilakatzen dituela salatzen du-.

Jaialdia Iruñean ospatuko da otsailaren 22tik 27ra. Aukeratutako lanek hainbat sari ofizial irabazteko aukera izango dute; besteak beste, film onenarentzako Ikuspuntu sari nagusia, 10.000 euroz hornitua.

Horrez gain, zuzendari onenarentzako Jean Vigo saria ere banatuko da, 5.500 euroz hornitutakoa, eta film labur onenarentzako saria, 3.500 eurokoa. Ikusleek ere film onenarentzako sari berezi bat emango dute, 2.500 eurokoa. Epaimahaiak, bestalde, gehienez bi aipamen berezi egiteko aukera izango du, horietako bakoitza 1.250 euroz hornitutakoa.