Mungiako Olalde aretoari dantza, musika, antzerki eta zinema dario
Mungiak San Antontxu jaiak ospatuko ditu asteburu honetan, Olalde areto zoragarria ezagutarazteko erabiliko duena. Zazpiehun lagunentzako erabilera anitzeko gunea dantzarako oholtza, zinema areto, eta haur ikuskizun, antzezlan edo musika kontzertuen jokaleku dugu.
Anartz BILBAO | MUNGIA
Mungiarrek San Antontxu jaiak ospatuko dituzte datorren ostiralean hasi eta urtarrilaren 18ra arte -abere azoka izango da egun horretan-, eta Olalde areto zoragarriari etekin polita aterako diote. Zazpiehun lagunentzako erabilera anitzeko gunea dantzarako oholtza, zinema areto eta haur ikuskizunen, antzezlanen eta musika kontzertuen jokaleku dugu.
Olalde areto eraberritu dotorea ezagutarazteko baliatuko ditu Mungiak datorren asteko San Antontxu jaiak, bertan izango baitira ekitaldi kultural erakargarrienak. Datorren ostiralean, urtarrilaren 14an, Ken Zazpi gernikar arrakastatsuak zapalduko du bertako oholtza, eta «Ortzemugak begietan» azken lana aurkeztu. Biharamunean, Elliott Murphy rock kantaria izango da bertan (aurreko gauean Andoainen eta biharamunean Bilbon ere joko du), Parisen bizi den artista estatubatuarra, Euskal Herrian estima eta itzal ikaragarria duena. Sarrerak salgai dira (6 euroan gernikarren kontzerturako eta 10 euroan iparramerikarrarenean -Teleka Sarean eskuratu daitezke, www.bbk.es atarian-) eta 21.00etan hasiko dira. Igandean berriz, dantzak hartuko dio musikari lekukoa, Juan Antonio Urbeltz maisuak zuzendutako «Axuri beltza» ikuskizuna izango baita, Argia, Duguna, Haritz eta Kezka taldeetako hirurogeita hamazazpi dantzarirekin (19.00etan eta 6 euroren truke). Eta egitaraua borobiltzeko, urtarrilaren 18an, San Antontxu egunez, Bubble Sisters taldearen «Made in Japan» haurrentzako ikuskizuna (18.00etan eta 3 euroan).
Hitzorduok, herrian zehar barreiatuko diren beste makina bat ekitaldirekin batera -bertso saioak, auto klasikoen martxa, herri krosa...- Olalde aretoa ezagutarazteko balioko dute. Azpiegitura kultural indartsua da egun Olalde aretoa, Mungiako herrigunean bertan dena. Merkatu izateko sortutako guneak inbertsio garrantzitsua jaso zuen iaz, eta geroztik erabilera anitzeko aretoa dugu, makina bat emankizun interesgarri jaso dituena 2010ean zehar.
Egurrez estalitako hormen artean eratutako akustika bikaineko guneak bostehun besaulki inguru ditu bi ataletan banatuta -batetik, oholtza aurreko zabalgunea, eta bestetik, atzealdeko lerroak, maldan-, eta aretoa sailka irekitzea bermatzen du horrek, emanaldiaren formatuaren arabera, neurri txiki, ertain edo handiko aretoa behar izan. Besaulkiak kentzeko aukera ere badago, lanak bizkor-bizkor egin -besaulkiak tolestu, oholtza azpian jaso eta aretoa garbi gelditzen da- eta edukiera zazpiehun lagunetara handitu daiteke, ikuskizunak eroso disfrutatzeko. Aretoaren kudeaketaz Mungiako Udala arduratzen da, musikagintzan eskarmentu handia duen Serrano Ekoizpenak taldearekin batera -besteak beste, Bilboko Musiketan antolatzen dute-. Eta areto nagusiaz gain, kanpoaldean taberna ere baduen aretoak, gelak eskaintzen dizkie herriko kultur taldeei (aisialdi, emakume, antzerki talde...), kultur jarduera bertan garatu dezaten.
Balio anitzekoa
Elkarlanean, orain arte makina bat ikuskizun aurkeztu dituzte bertan, eta gainera, Kukubiltxo taldeak ere bertan egiten du lan -konpainia egoiliar bezala-. Haur antzerki eta kale animazioa lantzen dituen taldeak ikastaro interesgarriak ere antolatu ditu bertan, atzerriko maisuen partaidetzarekin. Baina azpiegitura bikaina den arren -hori diote Gaztea eta ETB3koek ere, kontzertuak grabatu baitituzte bertan, Gaztea maketa lehiaketako irabazlearen jarduna, esaterako-, jendea erakartzea da zailena egunotan, eta horretan dihardute, egitarau oparoa eskainiz: nagusientzako dantzaldi -bi domeka hilean-, zinema emankizun -hileko bigarren asteburuan- eta nola ez, antzezlan eta kontzertuen bitartez.
Azken hauek, auzokideek zarata arazorik izan ez dezaten, 23.00etarako amaitu behar dutela-eta, 21.00 inguruan dute hasiera.
Antzerki Sarea egitasmoaren parte den Olalde aretoarekin bat, Mugire txokoak -formatu ertain eta txikiko emanaldietarako- eta Torrebillela gazteluak -zinema emanaldiak bertan izaten dira- osatzen dituzte kultur azpiegiturak Mungian, 16.000 biztanleko eta Bilbo hiriburutik 20 minutu eskasera dagoen herrian -bederatzi herri eta 25.000 biztanle inguru ditu eskualde osoak-, Olentzeroren etxea edo Izenaduba Basoa izeneko esparrua ahaztu gabe, euskal mitologiari eskainitako parke tematikoa, familia osoko aisialdirako aproposa. Bertan dago XVI. mendeko Landetxo Goikoa baserri ederra -Bizkaiko baserriaren eredu-, egurrez landua eta Ezkio-Itxasoko Igartubeitiren garaikide eta parekoa.
Merkatu izateko sortutako guneak inbertsio garrantzitsua jaso zuen iaz, eta geroztik erabilera anitzeko aretoa dugu, makina bat emankizun interesgarri jaso dituena 2010ean zehar.