GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Inbasoreek hiria sortu?

Jakin badakigu historia gaur egungo begiekin interpretatzea arriskutsua dela, anakronismoa dela; baina, arriskuak arrisku, adibideek erraztu egiten dute gaur bizi dugun egoeratik historia ulertzea. Horietako bat da hau: pentsa Bush semeak eta akolitoek Irak inbaditu ostean, amerikarrek esaten dutela Bagdad-berri hiriburua haiek fundatu dutela eta, gainera, irakiarrek horrela kontatzen dutela bere herriaren historia idaztean. Mendekotasun latza irakiarrena, ezta?

Bada horrelako zerbait gertatzen zaigu nafarroi gure herriaren historia kontatzen hasten garenean. Hori gertatzen zaigu gure hiriak 1200eko konkistaren ondoren sortuak izan direla kontatu eta ospatzen dugunean: Tolosa 1256an, Bilbo 1300ean... Egun hauetan zabaltzen ari dira Olite (Erriberri) Suintilak fundatu eta harresitu egin zuela baskoien erasotik defendatzeko; eta hori frogatzeko, hitz batzuk zizelkatuta dituen harri bat erakusten digute. Ziur zaudete Olite errege godoak fundatu zuela? Suintila erregetu aurretik (621-631) baskoiak bertan ziren eta. Godoak erromatarren inperioa suntsitzera V. mendean etorri aurretik, lurralde horietan baskoiak bizi zirela erakusten duten frogak badaude eta. Eta ziur zaudete baskoien erasotik defendatzeko izan zela? Godoak izan ziren inbasoreak eta. 711n, arabiarrak penintsulan sartu zirenean, azken errege godo Rodrigo baskoien hiriburu zen Iruñea erasotzen ari zen eta.

Ez gara konturatzen zein erraz irensten ditugun gu inbaditu gintuztenen mezuak eta ikuskerak. Ainara Izkok bere artikulu batean («Noticias de Navarra»/ nabarralde.com), ikerketa egin duen Bartzelonako Unibertsitateko Javier Velaza Friasen ahotan jartzen du Erriberrin aurkitutako harri hori XII. mendean zizelkatua izan daitekeela, Gartzia Ramirez errege nafarrak Erriberriri hiri-gutuna eman zionekoa, 1140 ingurukoa, alegia.

Zergatik ematen diete gure agintariek, abertzaleek barne, hain azkar eta erraz zilegitasuna eta espainiarren interpretazioa godoen aztarnei? Eta zergatik jokatzen dute horren zital aztarna horiek, Iruña-Veleia adibidez, euskaldunonak edo baskoienak izan daitezkeenean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo