GARA > Idatzia > Mundua

Gutxienez 381 hildako izan dira Rio de Janeiron euri-jasen ondorioz

Brasilgo Rio de Janeiro estatuan izandako euriteen ondorioz gutxienez 381 lagun hil dira, azken datuen arabera. Agintariek esan dutenez, kopuru hori hazi egin liteke eta euri-jasa gehiago izango diren beldur dira.

GARA | RIO DE JANEIRO

Gutxienez 381 lagun hil dira dagoeneko Brasilgo Rio de Janeiro estatuko Serrana eskualdean izandako euriteen ondorioz, «O Globo» egunkariak emandako azken datuen arabera. Gainera, ehunka lagunek beren etxebizitzak utzi behar izan dituzte.

Teresopolisen 146 hildako izan dira, baina udalerri kaltetuena Nova Friburgo da, han 155 lagun hil baitira, horien artean erreskate lanetan ari ziren hiru suhiltzaile. Petropolisen 35 lagun hil dira.

Dilma Rousseff Brasilgo presidentea Rio de Janeiron izan zen atzo, azken egunotan izandako euri-jasek gehien kaltetu dituzten eremuak airetik ikusteko. Gobernuak 780 milioi erreal [355 milioi euro] emango ditu Rio de Janeiro eta Sao Paulorentzat, azken estatu honetan ere hamahiru hildako izan baitira gutxienez.

Luiz Fernando Pezao Rio de Janeiroko gobernadoreordeak ohartarazi du hildako gehiago egon litezkeela. «Egoera samingarria da. Makinekin ari gara hondakinak eta hiriko [Nova Friburgo] zati batzuk kentzen», adierazi zuen, berriro ere euria hasiko zen beldur zirela gaineratuta. Era berean, jakinarazi du erreskate taldeak helikopteroz saiatuko direla suhiltzaileak iritsi ez diren lekuetara iristen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo