Mursego musikaria
«Tresna besarkatu, bibrazioak soinean sentitu... txikitatik jo nahi nuen txeloa»
Maite Arroitajauregik eta besarkatzen duen txeloak osatzen dute Mursego. Eibarko musikariak proposamen ausarta ekarri zuen plazara, xumea, fina, biluzia; ozenegi jardun beharrik gabe musikazalea txunditzeko gai dena. Orain “Bi (2)” aurkezten digu, Bidehuts zigiluan emana.
Anartz BILBAO | BILBO
Saguzarra omen da «mursego» portugesez, hegan egin dezakeen ugaztun bakarra, gautar eta odolzale sona duena. Eta Maite Arroitajauregi dugu Mursego, txeloa joz eta ahotsarekin jolastuz euskal musikazaleak bere doinu hipnotikoetara erakarri dituen musikaria.
Mursego argitara atera aurretik, «ildo esperimentalean pedalarekin frogak egiten eta nenbilen, txeloari ahots ezberdinak emateko, Ibonrg-rekin (Eten taldeko kidea)», dio eibartarrak. Lagun batzuk xaxatuta, Larraskitun zuzeneko bat jotzera animatu, eta saguzarra kobazulotik atera zen arte. Gero beste oholtza bat eta beste bat zapaldu eta egitasmoa gauzatzen joan zen... oharkabean? «Makina bat talderekin egin dut lan, eta beti esan izan dut nik zerbait neurea egin nahi nuela», onartu digu musikariak, barru-barruan zuen sen artistikoa momenturen batean edo bestean gauzatuko zuela jakinda. Eta kontzertuak eman eta eman, «bertsio batzuk eta kantu berriak sortzen hasi nintzen, beti berdina jotzeaz ez aspertzeko» –oholtza gainean bi urte baino ez daramatzan arren–.
Orduko emaitza “Bat (1)” izeneko lana dugu, autoekoizpenean emana eta zazpi kantu batzen dituena, makina bat hizkuntza tarteko. Ordurako musika zaleak tantaka-tantaka txundituta zituen, batzuetan gogor samarrak ere suertatu ziren zuzenekoetan. «Bai, inoiz eskatu behar izan dut isiltasuna, edo ikus-entzuleek beraiek eskatu diote elkarri, baina orokorrean harrera ona izan dut», argitu digu Arroitajauregik, zarata handirik atera beharrik gabe duen proposamen musikal berritzailearekin harridura sortuta; «jakin-minak ekarri zuen arreta».
Orain bigarren lana heldu zaigu, “Bi (2)”, musika aurrera eraman eta kudeatzeko antzeko bidea darabilten lagunekin emana, Bidehuts zigiluan –“Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak” bilduman ere hartu du parte, Eten bikotearekin batera “Zaude lasai” kantua berreginda–.
“Bi (2)” jaioterri duen Eibarren grabatu du Arroitajauregik, Legarreko estudioan, Ander Barriuso teknikariarekin, eta lan nekeza suertatu zaio. «Nahasketak gogorrak egin zitzaizkidan»; ordenagailua «frijitu» zitzaien eta erabili zituzten efektuek ere zalantzak sortu zizkion, «gero zuzenean eman behar direlako kantuak».
Guk intimoagoa sumatu genuen “Bat (1)”, eta jostariagoa begitandu zaigu “Bi (2)”, egunerokotasuna begirada bereziz agertzen duena. “Donki Kongu” kantuan, esaterako, gure haur eta nerabezaroko bideojoko ezagun bat aipatzen du, «lagun batek ‘makinita’ baten doinua gogorarazten zuela esan zidan-eta» –gainera, belaunaldi-musika egin nahiko lukeela dio, erreferentzietan bere belaunaldiari lotua–; eta “Hegaluzea pistoarekin” abestiak sukaldeko errezeta kantatzen digu, «atuna oso gustuko dudalako». Baina konposatzerakoan lan molde jakinik jarraitzen ez duen musikariak zuzendu ere egin gaitu. «Diskoa entzun baduzue, bakardadeari buruzko kantu bat ere adituko duzue, niretzat oso gogorra». Azken batean, gaietan oreka antzeko bat ematen du, eta aurreko lanean kantatzen zuen legez, “Subir arriba, baixar abaixo”, «mingotsa eta gozoa kantatu». Hitzetan, Victor Iriarteren laguntza jaso du.
Lanak erantzun ona jaso zuen Durangon, eta bere bidea egiten ari da salmentei dagokienez –zuzenekoetan ere banatuko da–. Helburuez galdetuta, hasteko bere poltsikotik egindako inbertsioa berdintzeko beste ale zabaltzea nahiko luke musikariak; eta hurbil da. «Ez da diru kopuru handia, baina... lan handia egin dut diskoa plazaratzeko».
Aipatutako lanez gain, zinema eta dantzarako musika ere sortu du eibartarrak. Dantza pieza batzuetarako konposatu du, eta irudiei musika jarri, komunean lagun min bat dutela-eta, orain bi urte Zinemaldian sari bat jaso zuen Isaki Lacuesta katalanaren zinema lanetan eta eibartarrak lagun duen Victor Iriarteren “Invisibles” edo 2007an Kimuak programak aukeratutako “Decir adiós” film laburretan, besteak beste. «Oso elkarlan aberasgarriak», musikariaren esanetan.
Txeloa, txikitatik
Arrotajauregik onartu digunez, ez du ezagutzen bere jardunaren antzekoa daraman musikaririk, eta asko pentsatu ostean Carla Morrison mexikarra aipatu digu. «Pedalekin-eta egiten du lan. Ni Mursegorekin argitara atera eta gero, izan nuen bere berri». Ereduak aipatzerakoan berriz, musika ezberdinak entzuten dituela aitortu digu, eta klasikoa gutxi.
Musika irakaslea da Arroitajauregi, eta goi mailako txelo ikasketak burutuak ditu, agertu digunez, kostata bukatu zituenak. «Kontserbatorioetan eta, diziplina medio, musika irakaskuntza zaharkituta gelditu ote den nago. Musika jotzen baino irakurtzen irakasten da». Baina txeloa jotzen zaila dela dio, eta ikasitako teknikari esker moldatzen dela onartu. «Ez galdetu zergatik, baina txiki txikitatik argi nuen txeloa jo nahi nuela. Instrumentu berezia da, soinuagatik... tresna besarkatu egiten duzu, sortzen dituen bibrazioak gorputz osoan sentitu»... txeloarekin harreman fisikoa duela dirudi.
Bihar Bilboko Berreraikinen Museoan joko du eibartarrak –lana plazaratu ostetik, lagunen aurrera baino ez da agertu–, eta disko berria hasi eta bukatu eman, “Hilean behin” egitasmo berriaren irekieran. «‘Bi (2)’ lana goitik behera joko dut, baita bertsioren bat edo beste ere. Gainera, ezustekoren bat ere prestatu dugu». Argi, beraz, eibartarrak akaso laguntza bereziren bat izango du oholtza gainean eta.
Bilbokoaren ostean, urtarrilaren 22an Zarauzko Lizardi aretoan, eta otsailean Donostiako Lugaritzen eta Iruñean ere joko du Mursegok. Nafarroako zuzenekoa bertako zinema dokumentaleko Ikuspuntu nazioarteko jaialdiaren barruan gauzatuko du, bertarako egitasmo bat sortzen baitabil: «30eko hamarkadako film labur amateur batzuentzat –gehienak mutuak– soinu banda sortu dut».