Kriminalizazioak presoekiko elkartasuna ez duela inola etengo nabarmendu dute
Euskal preso politikoekiko elkartasun adierazpen oro errepresioaz eta kriminalizazioaz erasotzen dituzten arren, elkartasun keinuek etenik ez dutela izango nabarmendu zuten atzo Bilbon eta Gasteizen egindako prentsa agerraldietan. Gaur, bertso jardunean presoen izenak aipatzeagatik, auzipetu gisa deklaratu beharko dute Madrilgo auzitegi berezian Oihane Perea eta Josu Ormaetxea bertsolariek.GARA |
«Euskal preso politikoen existentzia bera da kalean presoekiko elkartasuna sortzen duena, eta ez dago epailerik, poliziarik, espetxerik eta legerik euskal preso politikoekiko elkartasuna gelditzeko adina». Horrela, zorrotz, nabarmendu zuten atzo Bilbon, errepresioak euskal preso politikoen aldeko elkartasun keinuak oztopatu baino, indartu besterik ez dituela egiten azaldu zuten lagunek. Elkartasuna adierazteagatik errepresaliatu dituzten pertsonek egin zuten agerraldia Bilbon, eta Gasteizen, aldiz, gaur Auzitegi Nazional espainolera deituak izan diren bi bertsolariei babesa adierazi zieten hamarka lagunek.
Alfontso Zenon abokatua alboan zutela, Bilboko Irrintzi elkarteko bi auzipetuek -aste honetan zuten zita Madrilen, eta horietako batek uko egin zion bertaratzeari- eta beste bilbotar batek eman zuten prentsa agerraldian, elkartasun adierazpenak mugatu eta errepresioaz kolpatzeak «herri honetan demokraziarik ez dagoela» erakusten digula nabarmendu zuten, astero adibide berriak izanik.
Hala eta guztiz ere, joan den larunbatean 64.000 herritarrek baino gehiagok Bilboko manifestazioan parte hartu zutela adierazi zuten, «herritarrak jakitun baikara espetxeetako egoeraren larritasunaz».
«Gizarte matxinada»
«Espetxe politika basati horren aurkako benetako gizarte matxinada bat eratzea posible dela uste dugu», gehitu zuten, horretarako eragile politiko, sindikal eta sozialei zein norbanakoei konpromisoak hartzera deituz.
Bestalde, atzo Gasteizen ere prentsa agerraldia egin zuten gaur goizean Auzitegi Nazional espainolean auzipetu gisa deklaratzera deituak izan diren Oihane Perea eta Josu Ormaetxea bertsolariei elkartasuna adierazteko. Kezka azaldu zuten, egoera larria baita beraientzat, hain zuzen ere, bertso jardunean presoen izenak aipatzeagatik auzipetu baitituzte.
Bestalde, atzo jakinarazi zutenez, Bilboko Santutxu auzoko Jurgi Garitagoitiak gaur Versaillesko auzitegian bere aurka Madrilek helarazitako euroaginduaren epaiketa izango du. Hamarka lagun bertaratuko dira elkartasuna adieraztera.
Euskal preso politikoen eskubideen defentsan 26 lagunek mobilizazioa egin zuten asteazkenean Atarrabian. Atzo, 45 izan ziren Iruñeko Alde Zaharrean, 93 Iturraman, 67 Txantrean, 26 Arrosadian, 58 Donibanen eta 68 Burlatan.