«Artzainak: Shepherds and Sheep» dokumentala, Clermont-Ferrand zinema jaialdian
AEBetako Notre Dame unibertsitateko Jacob Griswold eta Javi Zubizarreta ikasleei esker, Amerikara joandako euskal artzainen ahotsa eta bizimodua ezagutu ahal izanen da «Artzainak: Shepherds and Sheep» lanaren bidez.
KAZETA.INFO | BAIONA
Mende bat igaro da euskaldunak Euskal Herria atzean utzi eta bizimodu hobe baten bila Amerikara abiatzen hasi zirenetik. AEBetako Notre Dame Unibertsitateko Jacob Griswold eta Javi Zubizarreta ikasleei esker, euskal artzainen ahotsa eta bizimodua entzun eta ikusi ahal izanen da «Artzainak: Shepherds and Sheep» lanean.
Dokumentala Estatu frantseseko Clermont-Ferrand film laburren jaialdian aurkeztuko dute. Aurtengo edizioa otsailaren 4tik 12ra ospatuko da. Film laburren jaialdi garrantzitsu horretan bertze euskal ekoizpen bat lehiatuko da. Kote Camacho gipuzkoarrak zuzendutako eta Donostiako Txintxua Films enpresak ekoitzitako «La gran carrera» film laburra aurkeztuko dute Clermont-Ferrand jaialdiaren aurtengo edizioan.
Griswold eta Zubizarreta ikasleek Notre Dame unibertsitateko dokumentalen produkzioaren inguruko ikastaro baten barruan ekoitzi zuten «Artzainak: Sheperds and Sheep» film laburra.
Dokumentala egiteko Ipar Amerikako hamabost artzain baino gehiago elkarrizketatu zituzten. Jose Luis Arrieta abeltzaintza enpresa bateko langileburuarekin ere hitz egin zuten. Aipaturiko gizonak ardiak zaintzen lan egin du, duela hainbat hamarkada AEBetara joan zenetik. Zubizarretaren hitzetan, bera da «muinoetan geratzen den euskal artzain bakarrenetarikoa».
Jacob Griswald eta Javi Zubizarretak zuzendutako «Artzainak: Shepherds and Sheep» lanak zenbait sari jaso ditu, tartean, The Princess Grace Foundation-ek -AEBetako fundazioa da- ematen duen Gary Grant saria.
Bere aitonaren inguruko beste lan bat abian du Javi Zubizarretak; «What Aitxitxe Said» hogeita bi minutuko filma izango da eta bertsoen egitura baliatuko du film laburra egiteko.