Gurutz Garmendia «Azkoitxi» Euskaltzalea
Izarraitzeko magaletik
Azkenaldi honetan ahoz aho dabilen «V de Vendetta» komiki- pelikula, euskaraz Mendekuaren «M»-rekin idazten dela aipatu zen Matadeiko azken Batzar Berezian
Botereak usteltzea ekartzen omen du eta horixe bera gertatu da Azkoitian eta Azpeitian. Hainbat eta hainbatek, burujabe garenetik hortxe ikusi izan dugu alderdi peneuvista mandatu eta ordenak ematen. Eta hainbat narraskeria kasu ezagutu izan ditugu geure etxeetatik gertu. Hainbat dira eta izan dira entxufismo, espekulazio edo bestelako narraskeriak, eta horrek politikoenganako aldentzea dakar. Egunen batean kaleratzen badira urte luze horietan egindako ustelkeria kasu guztiak, zerrenda amaiezina suertatuko zaigu.
Aldaketa beharrezkoa da eta normalena ezker abertzalearen bidetik etortzea da. Gauzak bere horretan badoaz, espero daiteke ezker abertzalea nagusitzea bi herrietan eta poliki-poliki kakatza guztia kaleratzen joatea, baina benetako aldaketak nahi badira, oinarrizko aldaketak egin beharko dira. Ezker abertzaleak bideratu behar du burujabetzarako bidea eta horretarako inplikazio guztiak behar direnez, ezin daiteke orain arteko demokrazia peneuvistaren eredua jarraitu. Ze jakin badakigu, eraikuntzaren puxika hasia dela lehertzen eta horrek galera itzelak ekarriko dizkiela bailarako hainbat enpresa talderi eta, ondorioz, baita herritar askori ere.
Sistema liberal berri kapitalista bere azkenetan dago eta orain artekoak ez digu jadanik batere balio. Sistema ere azkenetan dago, eta hemen bizitzen jarraitu behar da.
Enborra litzateke arestian aipatutakoa. Eta nora goazen jakiteko, behar-beharrezkoa denez nondik gatozen jakitea, hauxe galdetu behar geure buruari. Zer gertatzen da sustraiekin? Nola gobernatzen ziren gure arbasoak? Ba, erantzuna hauxe da, txikian. Txikian eta berdintasunean. Eta txikitasun eta berdin- tasunaz gain, ezberdintasuna bultzatuaz. Berdinak gara euskaldun guztiak geure artean eta bide berriak jorratzerakoan, behar-beharrezkoa da artaldetik at daudenen gogoetak kontuan hartzea. Bi hitzetan esanda, Amalurrak emandako logika jarraitzen zuten eta bere seme-alabak ziren.
Etxe edo baserria burujabea izatetik hasten ziren, eta oinarri nagusi honetatik, leinu, auzo, herri edo hirietan antolatu, gero beharren arabera elkarren artean lotzen joateko. Eta arbolak euren arbaso zirenez, arbola sakratuen gerizpean egiten zituzten batzarrak eta erabakitzen zena, legea zen. Zaharrek esandakoa zen, jakintsuek esandakoa. Ez zegoen ahozko agindu haren gainetik, ez gotzain ez bestelako jauntxo edo erregetxorik. Eta Batzarrean, zaharrek aukeratutako buruzagi edo agintariek, haiek ezarritako lege eta helburuak gauzatu behar zituzten aldi berezi eta egunerokotasunean, edo ahalegindu behintzat. Bestalde, auzolana derrigorrezkoa zen etxe eta baserri guztientzat eta zergak bakoitzak zeukanaren arabera ordaintzen ziren. Eta ez da ahaztu behar berezko euskal antolaketan, batzarraren inguruan jasotako diru zergak, bertan gelditzen zirela eta ez zutela inora ere hegan egiten.
Gaur egunera bueltatuaz, ordea, gauzak oso bestelakoak dira orain. Lurrarekin bat egin beharrean, bere aurka egiten da. Lurra euren kapritxoetara egokitzeko dagoela uste dute eta bere seme-alabak garela ahaztu.
Hirukurutzetan nahi izan zituzten haize-errota erraldoiak ezarri, Gazumen ere bai, eta utziz gero, Izarraitz azpitik tunela egingo zuten Zumaiara azkarrago iristeko. Orain dela gutxi ere Loiola aldeko zelai zoragarriak porlanez estali dituzte eta bapo daude euren legeak behin eta berriro errespetatuaz. Azkoitiko azkeneneko baratza sailak ere badoaz popatik hartzera, Ugarte aldea guztiz bete dute porlanez eta agur gure baserriari. Laster bideaz bestaldeko larreei tokatuko zaie txanda eta han agian superluxuzko hotelen bat egingo dute superaberatsentzat.
Negargarria eta lotsagarria da Izarraitzeko magalean gertatzen ari dena. Politiko poltsiko-bero etxekalteek, gure Lurra puskatu eta txikitu nahi dute eta aldiz Lurraren alde dauden talde antolatuak baztertu egiten dira.
Eta orain berriz ere, Matadaixe bota egin behar omen dute. Alabaina, agian politariak ezustekoa hartuko dute oraingo honetan. Txikien baturak handiaren galera dakar eta erlea taldean doanean behiarengana, behin eta berriro eztenak non nahi sartuaz, denok dakigu zein izaten den garaile. Beheko suak emandako bero, argitasun eta babesaz azkenaldi honetan ahoz aho dabilen «V de Vendetta» komiki-pelikula, euskaraz Mendekuaren M-rekin idazten dela aipatu zen Matadeiko azken Batzar Berezian eta «M» hain zuzen ere, historiaurretik datorkigun Gaia edo Amalurraren irudi edo letra da.
Hitz egiten hasi ziren aurreneko euskaldunek, Ortzian edo ingurunean aditzen zituzten zaratak berdintzetik eratorria. Eta litekeena da «M» zaratatxo hori, jaioberriek bularra hartzean egiten duten soinua izatea. Horrela ganorazko erantzuna izan dezake, kultura eta toki desberdinetako jatorrizko herrialde desberdinek, inkak eta euskaldunak kasurako, haiek Patxa Mama eta guk Amalurra deitzea. Eta euskara zahar-zaharrean «ama» esan beharrean «mama» esaten zutela jakinez gero, berdinketak benetako zentzua hartzen du eta txikien batzeak handiaren erorketa ekarri.