GARA > Idatzia > Euskal Herria

Epaia bat edo beste izan, Udalbiltza beharrezko tresna dela diote auzipetuek

Udalbiltzan alkate, hautetsi eta langile gisa egindako lanaz «harro», epaia ezagutzeko zain daude auzipetuak; hilaren 20an jasoko dute. Sententzia dena delakoa izanda ere, aurrerantzean bidea «elkarrekin» egiten jarraitzeko asmoa dutela azaldu zuten atzo.

p014_f01_111x111.jpg

Janire ARRONDO |

Udalbiltzaren aurkako ahozko epaiketa amaitu zenetik bi hilabete eta erdi pasa direnean, epaia jasotzear daude auzipetuak. Auzitegi Nazional espainoleko epaile Javier Gomez Bermudezek jakinarazi zienaren arabera, datorren urtarrilaren 20an ezagutuko dute sententzia. Oraingoz ez auzipetuek ez defentsako abokatuek ez dute epaitegira joateko deirik jaso eta, dirudienez, posta elektronikoz jasoko dute epaia.

Epaia ezagutzeko modua bat edo beste izan arren, «urduri» daude auzipetuak, «auzipetuon etorkizun hurbila eta askatasuna jokoan dagoelako». Halere, lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute «lasai» eta «harro» baitaude, hautetsi gisa eta Udalbiltzako kide gisa egindako bidea «eskubide demokratiko guztien defentsan» egin zutelako.

Atzo, dozenaka alderdi politikoetako, sindikatuetako eta eragile sozialetako ordezkari, zein euskalgintza, antzerkigintza edo kultura mundukoak lagun zituztela, prentsaren aurrean agertu ziren hainbat auzipetu urte hauetan guztietan egin duten lanean berretsi eta jaso duten babes zein laguntza eskertzeko. Maribi Ugarteburu auzipetua honela mintzatu zen: «Konbentzimendu osoarekin egindako urratsak izan ziren Udalbiltzan egindakoak, eta gorabeherak gorabehera, eta etorkizunean findu eta hobetu beharreko hainbat kontu hor egonda ere, inoiz baino ziurrago gaude horrelako tresna instituzional bat bakea eta demokrazia egoera erdiesteko bidean tresna oso baliagarria dela».

Zentzu honetan, pauso «oso positibo» eta «esanguratsu»tzat jo zuten aste honetan ETAk iragarritako su-etena, baina, «pausoak metatzen» jarraitu beharra dagoela ohartarazi zuten. «Hori diogu orain, eta hitz berberekin esaten genuen 2000n, 2002an eta 2003an ere. Konponbide politikoa erdiesteko bere ekarpen xumea egin izan du Udalbiltzak; etorkizunean ere horrelako tresna demokratikoen beharra egongo dela ez dugu zalantzarik», esan zuen Ugarteburuk.

Urduri izateaz gain, itxaropentsu ere badaudela aitortu zuten. Izan ere, ahozko epaiketan euren aurkako akusazioak banan-banan irauli zituzten, zalantzarako tarterik utzi gabe. Udalbiltzaren jardueraren zilegitasuna, gainera, akusazioen perituek ere baieztatu zutela gogorarazi zuen Amorotoko alkate ohiak.

Auzipetuei babesa ematen izan zirenen artean, STEEko Jon Moñusek hartu zuen hitza eta «Udalbiltzarekin bat etorri edo ez» horrelako jarduerarik ezin dela zigortu aldarrikatu zuen: «guztiz zilegia da instituzioetan lan egin ahal izatea hautetsi modura, oinarrizko eskubide bat da».

Era berean, Euskal Herriko lehen instituzio nazionalaren aurkako epaiketa «demokraziaren kontrako eraso oso larria» dela salatu zuen sindikatuko ordezkariak, eta zigorren bat balego «are larriagoa» izango litzatekeela. Horregatik, «justizia egiteak absoluzioa jasotzea besterik ez du onartzen», euren ustez.

babes zabAla

Alternatiba, ezker abertzalea, Aralar, EA eta Ezker Batuko ordezkariez gain, ESK, STEE, EHNE, Hiru eta LAB sindikatuetakoak eta Gazte Abertzaleak, Lokarri, Iparra-Hegoa, ESAIT zein Bai Euskal Herriari taldeetakoak izan ziren agerraldian.

1999 Bilboko Euskalduna Jauregian sortu zuten Udalbiltza Euskal Herri osoko 2.000 udal hautetsi inguruk, irailaren 18an egin zen batzarrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo