GARA > Idatzia > Mundua

Komunistekin eta Mindanaoko islamistekin mintzo da Manila

Norvegian eta Malaysian, Filipinetan borroka armatua erabiltzen duten bi talde nagusiekin elkarrizketetan ari da Manilako Gobernua; Oslon, NPA gerrilla komunistako ordezkariekin eta, Kuala Lumpur-en, Mindanaoko independentista islamistekin.

GARA |

Filipinetako Gobernuko ordezkariek eta matxino komunistek bilera izan zuten atzo Oslon, 2005. urtetik geldirik dagoen bake prozesua berpiztea helburu duen elkarrizketa informala izateko.

«Bilera honen helburua hemendik hilabetera berrabiatuko diren bake negoziaketa formalak ahalik eta modurik egokienean prestatzea da», adierazi zion France Presse agentziari Ture Lundh bitartekari norvegiarrak.

Manilako ordezkariak eta Fronte Demokratiko Nazionaleko (NDF) -Filipinetako Alderdi Komunistaren (CPP) erakundea- kideak 2004an bildu ziren azkenengo aldiz.

Hurrengo urtean, gerrillariek negoziazio mahaia utzi zuten. Preso politikoak askatzeko eta CPP AEBetako eta Europar Batasuneko «talde terroristen zerrendatik» kentzeko eskatu zuten.

Oraingoan, Oslon, «ez da bileren gai zerrendarik izango», azaldu zuen Lundhek. «Bi aldeek euren kezkak azaltzeko aukera izango dute eta konpontzeko dauden arazoak aztertzekoa, baina helburu nagusia negoziazio formalei berriro ekiteko baldintzak prestatzea izango da», azaldu zuen.

Osloko bilerak hilaren 18a arte iraungo du. Aurreko egunotan bi aldeek liskar armatu larriak izan dituzte eta Herriaren Armada Berriko (NPA, CPPren adar armatua) lau militante eta lau soldadu hil dira.

Urtarrilaren 5ean, Filipinetako Poliziak NPAko buru nagusietako bat, Tirso Alcantara, atxilotu zuela jakinarazi zuen. Alcantarari hilketak, bahiketak eta lapurretak leporatzen dizkiote Manilako agintariek.

NPA gerrillak, 4.700 borrokalari dituenak, Filipinetan Estatu komunista ezartzearen alde borrokan ari da 1969tik. Manilako Armadaren datuen arabera, mila hildako eragin du borroka armatu honek.

Islamistekin ere bai

Komunistekin Oslon abiatutako elkarrizketez gain, herrialdearen hegoaldean aritzen diren Askapen Islamikorako Fronte Mairua (MILF) talde independentista eta islamistarekin Malaysian izan diren negoziaketei otsailean berriro ekingo diela iragarri zuen atzo Filipinetako Gobernuak.

Otsailaren 9an eta 10ean izango dira bilera horiek eta Benigno Aquino presidentea boterera helduz geroztiko lehen harremanak izango dira.

MILFeko eledun Eid Kabaluk iragarpen hori txalotu zuen, «Mindanaoko biztanleen nahiak asetzeko» bake akordio batera heltzeko lehen urratsa izan daitekeela nabarmenduz.

marcos

Honoluluko (Hawaii, AEB) epaile batek Filipinetako diktadore ohi Ferdinand Marcosen biktimei 7,5 milioi dolarreko [5,69 milioi euro] ordainsaria emateko agindu zuen. «Bazen garaia», adierazi zuen Filipinetako Gobernuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo