GARA > Idatzia > Kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Olasagastik eta Saralegik azkeneko aukera dute

Bihar eguerdian, Arbizun, Azurmendiren eta Atutxaren aurka galtzen badute, kanpoan geratuko dira.
p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Joxemari Olasagastik eta Ruben Saralegik Urrezko Aizkoran aurrera egiteko azkeneko aukera izango dute bihar, 12.30etik aurrera Arbizun jokatuko den saioan. A multzoko bigarren neurketa dute. Lehenengoan galdu egin zuten Arrospide-Mugertzaren aurka, eta oraingoan gauza bera egiten badute, lehiaketatik kanpo geratuko dira.

Aurrez aurre, berriz, Azurmendi eta Atutxa izango dituzte. Hauek lehen neurketa dute, eta galtzen badute ere beste aukera bat geratzen zaie. Multzo honetako beste bikoa Arrospidek eta Mugertzak osatzen dute; hauek jadanik garaipen bat badute.

Olasagastik eta Saralegik garaipena erdietsiko balute, azkeneko saiora bitarte itxaron beharko lukete, kasu horretan posible izango bailitzateke hiru bikoak puntu batekin amaitzea. Saio estua iragartzen da, joan den astekoa bezalakoa.

Arbizura joaten direnek, ordea, ez dute maila nagusiko saioa bakarrik ikusiko, izan ere, bigarren mailako neurketa bat ere izango baita. Alde batetik, Beltza eta Resano arituko dira eta, bestetik, Erdozia eta Irazabal. Lehia honek ikusmin handia piztu du Arbizun eta inguruetan, izan ere, arituko diren lau aizkolarietatik hiru, Irazabal ez beste guztiak, Sakanakoak dira, eta horrek ikusmina areagotu egin du. Norgehiagoka hau irabazteko faboritoak Erdozia eta Irazabal dira, biek ere iaz lan oso ona egin baitzuten, nahiz eta ez ziren elkarrekin bikoa osatuz aritu.

Sokatira

Durangoko Ezkurdi pilotalekuan abiatuko da gaur Euskal Herriko Zortziko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa, 17.00etatik aurrera.

Mutilak 680 kilotan neurtuko dira, eta jardunaldi batera arituko dira, eta gaurkoaren amaieran banatuko da txapela. Abadiño, Amaiur, Ibarra, Sokarri, Zuraide eta 6 Conceyos lehiatuko dira. Laukoan Ibarra jaun eta jabe izan da, eta orain zortzikoan tokatzen zaio maila bera erakustea.

Emakumeak 540 kilotan neurtuko dira, eta hauek hiru jardunalditako ligaxka izango dute. Badaiotz, Ibarra eta Sakana izango dira lehian arituko diren hiru taldeak.

Bigarren maila

Bigarren Mailako neurketa bat ere izango da bihar Arbizun, eta arituko diren lau aizkolaritatik hiru sakanarrak dira, gainera. Erdozia eta Irazabal Resanoren eta Beltzaren aurka neurtuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo