GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Buruz Burukoa remonte

Eskuko mina dela-eta, Thierry Etxetok agur esan behar izan dio txapelketari eta Bonebeltxek egingo du aurrera

J.L.

Thierry Etxeto zen finalerdietako ligaxkan sartzeko faboritoetako bat, baina ezin izango du, jokatu aitzin agur esan baitio lehiaketari. Eskuko minak jota dabil, eta azkeneko entrenamenduaren ostean, ez jokatzeko hautua egin du.

Armendaritzen aritu behar zuen bihar Bonebeltxeren aurka, baina ez dago jokatzeko moduan. Arauak garbi uzten du ez dagoela partidarik atzeratzerik, eta Herve Bonebeltxek egingo du aurrera jokatu gabe.

Makeako pilotariak hurrengo kanporaketa datorren larunbatean jokatuko du Baionan Patrick Ozafrainen aurka.

Etxetoren eta Bonebeltxeren arteko neurketa ez zen bihar Armendaritzen jokatzekoa zen bakarra, eta bigarrena han izango da, 17.00etatik aurrera. Alde batetik, Jannots arituko da eta, bestetik, Harizmendi.

Azken hau da, dudarik gabe, garaipena erdiesteko faborito nagusia. Hala ere, lehen neurketa du lehiaketa honetan, eta hori beti arriskutsua izaten da. Superprestigioan, ordea, finala jokatu zuen, eta maila oso ona emanez. Zaleek aurtengoan itxaropen handia dute beraregan. Jannotsek, aldiz, lehen aldiz hartu du aurten parte, eta helburua gainditua dator, lehen kanporaketan Ezkurra I.a kanporatu baitzuen. Irabazlea hurrengo kanporaketan Ezkurra II. aren aurka arituko da.

Sara

Bi kanporaketa jokatuko dira bihar Saran, 16.00etatik aurrera. Lehenengoan Lazkano eta Laurent Lanbert lehiatuko dira. Azken honek bigarren partida du txapelketa honetan, joan den igandean Agirre menperatu baitzuen. Lazkanorentzat lehen partida izan arren, faborito nagusia bera izango da. Garaileak datorren ostiralean Waltarirekin izango du lehia.

Bigarren partidan Larretxea eta Alfaro lehiatuko dira. Larretxeak itxura ona emanez irabazi zuen joan den igandean Ximun Lanberten aurka, eta Alfarorentzat oso pilotari arriskutsua izango da. Garaipena lortzen duenak datorren ostiralean Kurutxariren aurka neurtu beharko ditu indarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo