GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Aitzakia berri bila

Hauteskunde usaina zabaltzen den honetan, interes zikinenak nagusitzen dira. Ez da gaiztoegia izan behar batzuen jarreren atzean ipurdiaren azpiko eserlekuari dioten maitasunaren aldarrikapena antzemateko. Hori bai lotura!

Oso erraza da testu baten balioa ukatzea. Aise botatzen da besteen ahalegina zakarrontzira. Eznahikoa dela esatea aski da, nahiz eta jendaurrean esaten denaren kontrakoa aipatu mahaiaren azpian. Finean, hitzak hitzak dira eta besteen urratsak gutxiesteak egin beharreko urratsei ihes egiteko aitzakia eskaintzen ahal du.

Zenbatetan aditu eta irakurri dugu ETAren jarduera armatua zela mota guzietarako konpromisoak ez hartzeko arrazoia? Abertzaleen arteko elkarlana, itun politikoak, elkarrizketa bera... dena zapuzten omen zuen ETAren borroka armatuak. Aralar sortu omen zen ETAren jarduera armatuaren kontrako jarreraren inguruan. ETAren ekintza armatuen kontura mahaigaineratutako aitzakien zerrenda bukaezina da.

Pentsa daiteke horietariko batzuk ez zirela aitzakiak, arrazoiak baizik. Beharbada, kasu batzuetan horrela gertatu da, garai batean ezinezkoak ziren ekimen komunak gaur egun gauzatzen ari direlako. Arrazoiak ez dira ETAren jarduerarekin soilik lotzen, baina, tira, onar dezagun egiazko argudioak zeudela batzuen jarreraren gibelean, eta ETAren borroka armaturik gabeko egoera batean gauzak aldatuko direla, jadanik aldatzen ari diren moduan. Batzuen kasuan, berriz ere esanen dut. Beste batzuk aipatuz gero, aitzakiak besterik ez zirela/direla nabarmena da. Aralarren eta Batasunaren arteko ezberdintasun bakarra borroka armatuaren inguruko irakurketa politikoa baldin bazen, nondik sortu dira elkarlana noiz eta orain zailtzen duten pisuzko arrazoiak?

Aitzakiak erori dira eta biluzik dago Aralarren benetako profila. Ez da ETAren aurrean bestelako jarrera bat defendatzen duen ezker abertzalearena, beste subjektu politiko batena baizik, ezker abertzalearen ibilbide, oinarri eta helburuetatik urrun dagoena. Beste eredu politiko bat bultzatzen duena. Nork bere eredua sostengatzeko eskubidea du, jakina. Baina afera beste bat da. Jendearekiko jarrera eta mezuan datza. Aitzakiak eta gezurrak ez dira mundua aldatzeko tresna egokiak. Horrela nekez erraztuko da indar bilketa.

Oso esanguratsua da elkarlanerako ustezko zailtasunak erortzen direlarik, batzuek oztopo berriak sortzeko duten beharra.

Nik, bederen, ez nuen espero ETAren erabakiak eragile politikoen jarrerak egun batetik bestera aldaraziko zituenik. Amestea gauza ederra da, baina oinak lurrean ezartzea komenigarria izaten da. Azterketak ilusioz baina errealitatea ezagutuz egin behar dira eta, tristea bada ere, zailtasunak handitzeko joerak gure aurrean daude. Ezin dugu itsuarena egin. Begi-bistan ditugu eta ez dira erraz desagertuko, asko baitago jokoan, besteak beste, eserleku instituzionalen banaketa.

Hauteskunde usaina zabaltzen den honetan, interes zikinenak nagusitzen dira. Ez da gaiztoegia izan behar batzuen jarreren atzean ipurdiaren azpiko eserlekuari dioten maitasunaren aldarrikapena antzemateko. Hori bai lotura!

Gero, jakina, teoriak, mezuak, hamaika arrazoi egosten dira interes horiek mozorrotzeko, baina herri txikia da Euskal Herria eta ederki dakigu zer dagoen politikari zehatz batzuen burugogorkeriaren gibelean.

Aitzakia zaharrak agortuta, zinez penagarria da aitzakia berrien bila nola dabiltzan ikustea!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo