Heineken Kopa
Belfasten erabaki liteke dena
Biarritzek Ulsterren zelaian galduko ez balu, bigarren fasea eskuan luke. Bestela, oso zaila izango luke lehen postua lortzea.
Jon LEUNDA
Final-laurdenetarako txartela izango du jokoan gaur Biarritzek Irlandan. Ulsterren zelaian jokatuko du 15.30etik aurrera, eta lapurtarrek garaipena lortzen baldin badute, hurrengo fasean izango dira. Punturik lortu gabe galduko balute, berriz, irlandarren esku geratuko lirateke, eta azken jardunaldian erabakiko litzateke dena.
Badaezpada ere garaipena lortu beharra dute euskaldunek, eta ez gaur bakarrik, baita hurrengo asteburuan ere. Sailkatzea ez baita lapurtarren helburu bakarra, baita aurrera egiten duten zortzien artean lau onenetan izatea ere, horrek final-laurdenak etxean jokatzeko aukera emango bailieke.
Beraz, Irlandan ia dena izango dute jokoan. Italian galdu izan ez balute, egoera bestelakoa izango litzateke, baina han galdu egin zuten, eta egun euskaldunek hiru punturen aldea baino ez diete kentzen irlandarrei. Hortaz, gaurko partidarako aukera ezberdinak izango dira.
Galduta sailkapenean berdinean ere gera daitezke. Horretarako bi aukera izango dira: bata Biarritzek erasoko puntua lortzea, edo irlandarrek erasoko puntua lortuko balute, euskaldunek erasokoa eta defentsakoa lortzea.
Galduta ere aurretik gera daiteke talde zuri-gorria. Horretarako etxeko taldeak ez luke puntu gehigarririk lortu behar, eta Biarritzek, berriz, biak. Orduan puntu bat aurretik izango litzateke Jean Michel Gonzalezek zuzentzen duen taldea, baina atzo abiatu aitzin esaten zuen bezala, horrelako gauzetan ezin da pentsatu. «Hara joan eta irabazi, horrek seguru uzten baikaitu lehen postuan, eta hurrengo fasea jokatzeko txartela ere ia eskuetan utziko liguke, eta horretara joango gara», zioen Gonzalezek.
Izan ere, sailkapenean atzetik geratzen badira, oso zaila izango dute lehen fase hau lehen postuan amaitzea, eta agian hurrengo fasea jokatzeko ere txartelik gabe geratuko lirateke. Izan ere, azkeneko jardunaldian, datorren larunbatean, Biarritzek Bath hartuko du etxean, eta Ulsterrek Aironiren aurka jokatuko du. Beraz, oso komenigarria litzateke gaurko partidaren amaieran sailkapenean Ulsterren aurretik amaitzea.
Coetzeeren itzulera
Coetzee berriro ere taldera itzuliko da, eta atzo Gonzalezek baieztatu zuenez, hasierako hamabostekoan izango da, gainera, gaurko norgehiagokan. «Hasieratik arituko da. Gazteak taldean egiten ari diren lana ere oso ona izan da, baina garbi dago horrelako partidetan eskarmentuak sekulako garrantzia duela, eta Coetzeek hori badu», esan zuen.
Belfastera abiatu aurretik, Gonzalezek taldea berriro ere ongi dagoela argi eta garbi utzi nahi izan zuen. «Izan ditugu huts batzuk eta bi porrot jaso genituen, baina joan den astean ikusi zen horiek zuzendu eta taldea berriro ere indartsu dagoela. Denok dakigu Irlandan lehen postua eta sailkapena ditugula jokoan. Horrenbestez, garaipenaren bila joan beharra dugu, eta jokalariak horretan daude», esan zuen.
Lehen itzulian Biarritzek 35-15 irabazi zuen Agileran, eta orduan euskaldunek erasoko puntua ere batu ahal izan zuten, lau entsegu lortuta. Garbi dago joko aldetik lapurtarrak gehiago direla, baina burua hotz dutela jokatu beharko dute. Hutsik ere ezin dute egin, bestela gaurkoaren ostean Europan jarraitzeko ametsak zapuzten hasi baitaitezke, eta hori kolpe handia litzateke Biarritzeko jokalari eta zaleentzat.
European Challengen Avironek lehen aldiz final-laurdenak jokatzeko aukera paregabea dauka, eta horretarako dena bere esku dauka. Hasteko, gaur 20.45etik aurrera Connacht taldea mendean hartu behar du, eta ahal badu erasoko puntua lortuta. Izan ere, une honetan zuri-urdinek jarraitzen dute sailkapeneko lehen postuan, baina puntu bakar bat kentzen diote Harlequins taldeari. Hauek gaur Italian jokatuko dute, eta han bost puntu ez batzea ezustea izango litzateke.
Beraz, hori dena kontuan hartuta, posible da gaur bi taldeak sailkapeneko buruan berdinduta geratzea, eta azkeneko jardunaldiari horrela ekin behar izatea. Erasoko puntua lortuta, Avironek lehenengo jarraituko luke .
Biarritz sailkapeneko lehen postuan dago 16 punturekin, eta hiru gutxiagorekin bigarren postuan dago talde irlandarra. Lehen itzulian, zuri-gorriek 35-15 irabazi zuten Agilera estadioan, lau entsegu lortuta.
Gernika Bizkaiak eta Ampo Ordiziak Liga irabazteko itxaropenari eutsi nahi diote, eta horretarako duten aukera irabaztea da.
Bizkaitarrak sekulako jokoa egiten ari dira azken boladan, baina nahiko aurkari arriskutsua izango dute bihar, 12.00etatik aurrera, Sevillan, Cajasolen aurka jokatzen baitute.
Ampo Ordiziak etxean, Altamiran, Alcobendas hartuko du ordu berean. Goierritarrek berriro ere bost puntu behar dituzte La Vila liderrarengana gerturatzen jarraitzeko.
Mailari eusteko borrokan dabil Bera Bera, eta donostiarrek ezin dute bihar etxean, 12.00etatik aurrera, hutsik egin azkeneko sailkatua den CAU Valentziarekin.
Emakumezkoen Ohorezko Mailan, Getxok Majadahonda hartuko du eta Gaztedik Coruñan jokatuko du; bihar, 11.00etan, jokatuko dute biek.