GARA > Idatzia > Kultura

ANJE DUHALDE Musikaria

«Nahiago dut zuzenean kantatu, estudioan, laborategian baino»

p040_f01_148x116.jpg

ANJE DUHALDE

MUSIKARIA

Bizitza osoa kantuari lotuta darama Anje Duhaldek (Arrangoitze, 1950). Hastapenetan bateria jo omen zuen Fuego taldean. Errobi ezinbestekoan euskal rockaren aitzindari izan genuen Mixel Ducaurekin batera, eta plazan dantzatzeko musika eman Akelarrerekin. Bakarlari, badira hogeita hamar urte oholtzara igo zela, eta 2006ko «Sorminetan» du estudioko azken lana. Orain zuzeneko bat grabatzekoa da.

Anartz BILBAO | BILBO

Eskarmentu handiko musikaria, euskal folk eta rocka ezagutzeko ezinbestekoa dugu Anje Duhalde. Arrangoiztarrak Ondarroan joko du gaur, eta kontzertua grabatu, gerora zuzeneko lan batean emateko. «Bada hamarkada pasa talde berarekin nabilela eta oso eroso sentitzen naiz. Beraz, bizi izan ditugunak gogoratzeko, eta jendeak denboraldi honetan egin ditugun kantuak eskatzen dizkidalako, zuzeneko jarduna grabatuko dugu, garai bat markatzeko bezala», azaldu digu Duhaldek, hemen eta orain gauzatu nahi duen egitasmoaz galdetuta. Oholtza gainean, Iñigo Telletxea beratarra (baxuan), Remy Gachis uztariztarra (gitarran) eta Txomin Duhalde semea (baterian) izango ditu bidaide, berak aitortu digunez, azkenaldian bezala.

Zuzenekoa «ibilbide orokoarreren erakusmolde bat izango da», eta hastapenetako zein azken laneko kantuak emango ditu, «nahaste borraste bat, denetarik». «Parte elektriko nahiko fuerte bat eta parte akustikoa batean oinarrituko da dena», eta kantuen konponketa berri batzuk ere agertuko ditu, «baina beste munduko gauzarik gabe».

Berak sortutako doinuez gain, John Hiatt handiaren bertsio parea ere prestatu du Duhaldek -maite du estatubatuarraren musika, eta inoiz bere kanturen bat emana du aurreko diskoetan-. Iragan urriaren 30ean Donostian jo zuen Hiattek, eta arrangoiztarrak bera ezagutu eta berarekin solastatzeko aukera ere izan zuen. «Izen potoloak aipatzen direnean aura bat jartzen zaie, eta Hiatt ezagutzea sorpresa izan zen niretzat; oso pertsona atsegina eta naturala, oso plazagizona».

Behin Ibilaldi kulturalaren barruan antolatu duten kontzertua grabatuta, Bilbon beste bat grabatzeko asmoa du Duhaldek, datorren otsailaren 18an. Gaur Ondarroan laukotea baino ez da izango oholtza gainean, eta Bilbokoan -irudia ere grabatzekoak dira- eskaintza edo laguntza bereziren bat izateko aukera dago. Lapurtarrak baina, «zuzenean ematen ditugun kontzertuen giroa gordetzea da nahi dudana», argitu digu asmo nagusia.

Duhaldek hurbileko lotura maite du, zaleekin zuzenean jardutea. «Bai, beti nahiago izan dut zuzenean kantatu, jendaurrean espresatu; estudioan, laboratorioan baino», zuzeneko giroa bezalakorik ez baita.

Bizitza osoa musikari lotuta darama Duhaldek, eta aspaldian gazteagoa den belaunaldiarekin dabil zuzenean. Beraien bertute eta gabeziak ahotan, «gabezia gutxi» antzematen diela aitortu digu. «Gero eta musikari hobeak, argiagoak eta nortasunez oso osatuak dira. Dudarik ez dago, babestua sentitzen naiz beraiekin, batez ere gaur egungo taldearekin. Ez da beti erraza izaten, eta ez dakit beraiek, baina nik oso ondo pasatzen dut». Gainera, elkarlanak eta kolaborazioak ere egin izan ditu musikari gazteen lanetan, Petti edo Etxe kasurako. «Hori ez da beharra, hori plazer hutsa da... eta oraindik bizirik gauden seinale».

Musikak bizi duen aroaz ez da, ordea, horren baikor. «Duela hogeita hamar urteko egoerarekin konparatuta, jaitsi da pila bat, eta beharbada orekatu. Azken bi urte hauetan nahiko katastrofiko bihurtzen ari da dena, baina, hala ere, salbuespen batzuk izaten dira eta nik behintzat neure kontzertutxoak egin eta salbatzen dut».

«Ondarroako herriarekin lotura sakona izan dut beti»

Anje Duhaldek Ondarroako Kafe Antzokian joko du gaur. Maiatzaren 29an aurtengo Ibilaldia hartuko du kostaldeko herri ezagunak, «Boga!» lelopean, eta ekitaldi kulturalen barruan antolatu dute arrangoiztarraren kontzertua (22.30ean hasita, 6/8 euroren truke). Gero, datorren hilean, Bilboko Kafe Antzokian izango da, otsailaren 18an, ostiralez. Eta zuzeneko jarduna grabatzeko baliatuko du ondo ezagunak dituen aretoetako gauak.

Bilboko aretoa aipatuta, «hasieratik nago bertan, eta nire etxetzat ere badut», adierazi digu lapurtarrak. Zer toki egokiagoa, beraz, zuzeneko lana bertan grabatzeko (Bizkaiko hiriburuko kontzertuko irudiak jasotzeko asmoa ere badute). Eta Ondarroako aretoa, «gauza bera. Gainera grabatzeko toki egokienetarikoa dugu Euskal Herrian. Atsegina da, ez sobera handia, soinu perfektua du... eta Ondarroa delako ere bai», ihardetsi digu bertara joatearen zergatiaz galdetuta. «Ondarroarekin lotura sakona izan dut beti».

Bilboko Kafe Antzokian ere ezaguna da Duhalde, hilean behin, asteazkenez, «Lagun artean kantari» izaten baita, bertako arduradunen esanetan: «kantuan egiteko saio irekia Anje Duhalderekin». Ekimena azal diezagun eskatu diogu musikariari. «Duela hamabost urte-edo egiten dugu. Hilero batzen gara kantu zaharrak... denetarik kantatzeko gogoarekin, besterik gabe. Gero eta jende gehiago etortzen da, gazte mordo bat, eta plazer handi bat da elkarrekin ordubete eta gehiago kantuak ikasi eta kantatzen pasatzea».

Duhaldek 1978an grabatu zuen lehen zuzenekoa, Errobiren «Bizi bizian», eta beste bi emanak ditu, 93ko «Zuzenean» bakarlari, eta «Georges Brassensen kantari» egitasmo berezia, hirukotean Baionan grabatua, 2001ean. Honakoa laugarrena litzateke, baina «momentuz dena bildu, entzun eta ikusiko dugu zer egin», diosku Duhaldek. «Alde horretatik, ez daukat presarik».

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo