GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Emakumeok ere lehen lerroan

Futbol-partiduek mugitzen duten jende andana ikusten dudanean, beti pentsatu ohi dut gauza bera: beste kuku batek joko liguke jendea gauza benetan garrantzitsuengatik mobilizatuko balitz! Gure bizitza nahi ez bezala alda lezaketen gertakizunengatik horrela aterako bagina kalera oihukatzera.

Badugu ez garela ogia eta zirkuaren mendeko «orojale» konformistak erakusteko parada. Hilaren 27an, hain zuzen, badugu kalea pankarta eta garrasiz betetzeko aukera, mota guztietako lagunez. Hego Euskal Herrian greba orokorrera deitu du sindikatuen gehiengoak, gainerakoak negoziatzen dabiltzan bitartean, langileok Estatuko Gobernuak burutuko duen pentsio-sistemaren erreformaren kontra gaudela garbi gera dadin, ez dezaten uste elite ekonomiko boteretsuak aurrera eramaten duen egitura ekonomiko basatiak eragiten dituen ondorioetatik askatzeko edozer gauza edukiko dutela egitea gure eskubideekin.

Denok dugu greba orokorra egiteko nahikoa zergati. Bankuek gure pentsioen bizkarretik egin nahi duten negozioak eta Gobernuak etengabe kontatzen dizkigun gezurrek eragiten duten amorruagatik baino ez bada ere. Ez baita egia erreforma hau egokitze teknikoa eta nahitaezko gaitza besterik ez denik. Eta, bestela, etorkizunean ez dela ekonomiari eusteko modurik izango ere ez. Egia hutsa zera da: esku pribatuek publikoki kudeatzen den diru hori guztia nahi izateaz gain, guk ezingo dugula pentsio-eskubidea bermaturik izan -inork gutxik beteko baititu erreformarekin inposatu nahi dizkiguten baldintzak-, berez eskasa den gizarte-babes ereduaren behin betiko suntsipena ekarri eta gehiago areagotuko dituela gizarte-ezberdintasunak, are okerrago utzita jada baztertuta dauden kolektiboak. Alegia, lau katuk izan ezik, beste guztiok badugu larritu eta etxetik ateratzeko motiborik.

Bereziki emakumeok. Geu baikara lan-merkatuaren prekarietatea gehien pairatzen dugunok. Baldintza kaskarragoak, zatikako jardunaldiak eta aldi baterako enpleguak izaten jarraitzen dugu, familia izateko edo zaintzeko lana denboraldi batez utzi behar izatea nahitaezko bihurtzen digutela ahaztu barik, kontziliazioak kimera izaten jarraitzen baitu, besteak beste, aukera eta baldintza-berdintasuna paperetik errealitaterako bidean motel doan xede hutsa bihurtuta. Lan-merkatuan oro har dugun egoera ez ezik, oraindik esleitzen zaigun estatusa ere ikusita, zein emakumek izango ditu kotizatuta erreformak ezarri nahi dituen 37 urteak pentsioa bere osotasunean jasotzeko? Pentsioa bera ere jasotzea zaila izango da askorentzat, lanaldi partzialdunentzat, kasu, gutxieneko baldintzetara ezin iritsita.

Etorkizunean ere mendeko izatera kondenatu nahi gaituzte horrela, ez baitago burujabetasun eta askatasunik ekonomikoki independente izateko aukerarik gabe. Zabal dezagun ikuspegia, jabe gaitezen eta borroka dezagun etorkizunean ere subjektu aktibo eta oso izateko ezartzear dauden eragozpen larri hau. Erakuts dezagun greba orokorrean emakumeok ere ez gaudela geure eskubideak negoziatzeko prest, eta gainerakoekin batera, kaleak ere geure fronteak ditugula.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo