GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta zuzendaritzan lizentzialduna

«Peace be with you»

Peace be with you». Bakea izan bedi zurekin. Hala zioten Israelgo Turismo Ministerioko publizitate iragarki deigarriek. Palestinarren eta Israelgo Estatuaren arteko aferak, bien bitartean, konponbide gabe jarraitzen du. Amaiera gabea dirudien gatazkaren jatorria XIX. mendearen amaieran koka daiteke, Theodor Herzl-ek, sionismoaren ideologo nagusiak, judu diasporarentzat estatu propio bat sortzea proposatu zuenean. Europan Estatu berri baterako lekurik ezean, palestinar lurrak hautatu zituzten, bertan inor bizi ez zela argudiatuz: «Herririk gabeko lurra, lurrik gabeko herriarentzat». Errealitatean, alabaina, arabiarrak bizi ziren lur haietan, VII. mendetik; 1898an 500.000 biztanle, sionistentzat ikusezinak, antza.

Une haietan, Palestinako lurrak Britainia Handiaren menpe zeuden. Hala, Ekialde Hurbilean zituzten interesak tarteko, Palestinan juduentzako estatu bat sortzeko konpromisoa hartu zuten britainiarrek XX. mende hasieran. Israelen sorrera abian zen...

Hamarkada batzuk geroago, erabakigarriak suertatu ziren Alemaniako nazismoaren mugimendua eta II. Mundu Gerra. Alemaniaren kontrolpeko lurretako jazarpena zela-eta, judu ugarik emigratu egin behar izan zuen. Horrenbestez, Palestinako lurretara heldutako juduen kopurua nabarmen hazi zen. II. Mundu Gerran zehar, eta ondorenean ere, milaka judu iritsi ziren Palestinara. Juduek jasandakoa lehenago ez geldiarazteagatik, AEBetan eta Europan erru sentimendua barneratuta zegoen urteak ziren. Hurrengo urteek erakutsi bezala, naziek juduei egindakoa palestinarrek ordaindu behar izan zuten.

1947an, Britainia Handiak palestinar lurrak NBEren esku utzi zituen. Eta, urte berean, NBEk zatiketa plana onartu zuen, hots, Palestinako lurrak bi estatutan zatitzea. Batetik, Israelgo Estatua, lurren %53rekin; bestetik, Palestinako Estatua, lurren %46rekin; Jerusalem, hiri sakratua, nazioartearen kontrolpean geratu zen. Erabaki horrek, eta Israelgo Estatuaren sorrerak, herrialde arabiarren haserrea eragin zuen, 1948ko guda arabiar-israeldarra piztuz. Israeldarrek irabazi zuten guda. Hortik aurrera, palestinarren zorigaitza eta sionisten handinahia neurri berean haziz joan ziren.

Aitzitik, Israelek lehen unetik urratu zuen aipatu NBEren erabakia, ez zegozkion lurrak okupatzeari ekin baitzion. Horretarako, talde sionista armatuen erasoak baliatu zituen, palestinar biztanleengan izua barneratuz. Ildo horretan, biztanle aldaketa planifikatua gauzatzen hasi zen, palestinarrak kanporatuz eta juduak barneratuz. Ondorioz, 900.000 palestinar euren etxeetatik eta lurretatik kanporatuak, desterratuak izan ziren. Exodo hau Nakba (hondamendia, arabieraz) izenez ezagutzen da. Zentzu horretan, Israel Handia eraikitzeko baliatu zuten sionistek NBEren plana, legez kanpoko koloniak etengabe eraikiz eta Jerusalemen gaineko kontrola hartuz. Palestinako Estatua, bestalde, ez da inoiz egikaritu.

1949-1964 artean, 63.000 eraso baino gehiago burutu ziren palestinar herriaren aurka. 1967an, alta, egoerak okerrera egin zuen. Sei Eguneko Gudan lorturiko garaipenari esker, Israelek Palestinako lur denak okupatu zituen indarraren bidez. Horrek palestinarren bigarren kanporaketa masiboa eragin zuen. M. Darwis olerkariak idatzi legez: «Israeldarrek Palestinako jatorrizko herriarekiko hartutako jarrera eta naziek juduen aurka izandakoa pareko izan dira».

Israelgo Estatu kolonialean, urteekin, eskuin fundamentalista eta erlijiozkoena sendotu da boterean; gainerako alderdien jarrerak ere, hauteskunde lehia tarteko, gogortuz joan dira. Palestinarren aurkako arrazismoak eraginda, bizikidetzarako aukera oro baztertzen dute, uneko interesen arabera, gudarekin jolastuz. «Jainkoak hautatutako herria» direnez, dena dute zilegi.

Palestina, ostera, zatituta dago geografikoki (Gaza eta Zisjordania) zein politikoki (Hamas eta Al Fatah). Gazan, Hamas dago boterean 2006. urtetik, nazioarteak gainbegiratutako hauteskundeak demokratikoki irabazi ostean. Garaipen hori dela-eta, Israelek gaurdaino luzatzen den blokeoa ezarri zion. Zisjordanian, berriz, Al Fatah-k agintzen du, eta Israelek eraikitako 750 kilometro luze eta zortzi metroko altuerako harresiaren ondorioz, hiri espetxea dirudi. Harresiak guztiz inguraturik, ate bakarra du sartu eta irteteko, egunean 45 minutuz soilik irekitzen dutena. Gainera, harresi horren eraikuntza baliatu zuten sionistek lehengaien eta ur putzuen aldetik oparoak ziren lur gehiago okupatzeko. NBEk eraikuntza gelditzeko eskatu, eta nazioarteko justiziak legez kanpokotzat jo eta eraitsi behar zela ebatzi zuen arren, bere horretan jarraitu du... Palestinarren arteko batasun falta eta barne borrokak ongi baliatu ditu Israelek...

2008. urteko abendua eta 2009ko urtarrilaren artean gertatu zen Israelen guda ekintzetako enegarrena, «Berun Urtua» ofentsibaren bidez. Gazaren aurkako aire eta lur eraso ankerrean, gerra krimen ugari burutuaz, orotara 1.400 hildako eta 5.500 zauritu eragin zituen. NBEren bulegoak, janari biltegiak, ospitaleak, anbulantziak, laguntza humanitarioko guneak eta Gurutze Gorriaren eraikinak bonbardatuak izan ziren; mediku nahiz kazetariak tirokatuak... Suntsiketaren artean nora ezean zebilen jendearen kontzentrazio gune bilakatu zuten Gaza. Bonbetatik aterki baten azpian babesten zen haurraren argazkiak edota gorputza zuloz beterik, lurrean etzanda, hilik zegoen haurraren gurasoen garrasiek ongi islatzen dute jazotakoa.

Hori dena ez litzateke posible izango, ordea, nazioarteko komunitatearen pasibotasunik gabe. Erasoen aurrean, ez dira ezer egiteko gai azaldu potentzia handien menpeko tresna hutsal direla erakutsi duten nazioarteko erakundeak. AEBak Israelen aliatu leial izan dira une oro, israeldar lobby-ek eta bost milioi inguruko biztanleria juduak AEBetan duten eragina dela-eta. Era berean, israeldarren guda tresneriaren zati handi batek made in USA etiketa darama. Europar Batasunak Israelekin dituen harreman komertzial bereziekin jarraitu du, gatazkatik at kokatuaz. Nazioarteko zuzenbideko zein Genevako Konbentzioko hainbat atal eta NBEren beste hainbat ebazpen (242, 338...) urratu ditu era larrian, behin eta berriz, Israelek. Ez du, haatik, inolako zigorrik jaso.

Testuinguru horretan, buruturiko bake saiakerek ez dute xedea erdietsi, israeldarrek hitzartutakoa ez betetzeko erakutsi abileziaren ondorioz. Madrilgo Bake Konferentzia (1991), Osloko prozesua (1993-2000), Camp David (2000), Tabako elkarrizketak (2001), Annapolis (2008)... guztiek egin dute porrot; guztietan ekidin izan da oinarrizko gaien gaineko eztabaida (errefuxiatuen itzulera, koloniak, Jerusalem, Palestinako Estatua...); denak baliatu ditu Israelek bere erasoak areagotzeko. Palestinarrentzat bake negoziazio oro kaltegarri suertatu da...

Horiek horrela, bizirautea, irauten jarraitzea da palestinarrei geratzen zaien borroka nagusia. «We will stay here» («hemen jarraituko dugu») irakur zitekeen bonbardaketa batean suntsitutako etxetik zutik geratzen zen horma bakarrean. Ikasten jarraitzea, oinarrizko zerbitzuak emateko ideia berriak martxan jartzea (klinika mugikorrak, adibidez)...

Hori, edo etsipena. Urte luzeetako sufrimendu eta menpekotasunaren ostean, konponbiderik ez baitu ikusten palestinar jendearen zati esanguratsu batek. Itxaropena izan ohi da azkena galtzen den. Horrek, alabaina, ez du esan nahi inoiz galtzen ez denik. Itxaropenaren sugarra bizirik mantentzearen lan zail horretan nazioarteak badu zeresana: boikot kanpainak gauzatzea, Israelgo Estatuarekiko harremanak etetea, salaketak burutzea, Israel NBEtik kanporatzea... Badira bideak; Hegoafrikan lortu zen...

6.000.000 errefuxiatu, 11.000 preso politiko, ehunka mila atxiloketa, kartzela sekretuak, zibilen hilketak, oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoa, lurren okupazioa, etxebizitzen eraisketak, harresiak, errepideak ixtea, checkpoint postuak, ura kutsatzea, azoka eta ikastetxeen aurkako bonbardaketak, laguntza humanitarioaren aurkako erasoak, tiroketak...

Honats, israeldar «bakea»; olibondo adarrak apurtzen dirauen «bakea». «Peace be with you».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo