GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

boulder Ameriketako Estatu Batuak

Hueco Tanks, euskal bloke zaleak Ameriketako Mekan bisitari

Ioritz Gonzalez, Ander Lasagabaster eta Joxe Luis Urkizuk Hueco Tanks-era eginiko bidaiaren berri eman diote GARAri. Ameriketako Estatu Batuetako bloke eremu entzutetsuenean pare bat aste egin dituzte, eta, egoera bitxiak bizitzeaz gain, gogor jardun dute. 8a graduko batzuk ekarri dituzte.

p040_f02.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Nahiz eta Meka batera joan diren, «otoitza» hitza ez du jasotzen beraien hiztegiak. Sinetsi egin dutela argi eta garbi dago, baina ez Jainko batean, baizik eta naturak eskaintzen dituen blokeetan. Hala bada, aldarrikapen nagusia «estutu» hitza dute. Bloke zaleak dira, han eta hemen. Oraingo honetan han izan dira; zehazkiago esanda, «putzua zeharkatu» eta Texaseko basamortuan: Hueco Tanks bloke eremuan.

Gabonetako oporraldia aprobetxatuta Ioritz Gonzalez Rote, Ander Lasagabaster Mono eta Joxe Luis Urkizu Beltza Ameriketako Estatu Batuetako boulderreko Mekan izan dira. Fontainebleauko Meka, baina yanki erara. «Bermudako Hiruki» baten antzekotik abiatu ziren: Azkoitia, Arrasate eta Azpeitiak osatzen duten «hiruki» bitxitik.

Gonzalezek eta Lasagabasterrek lehen aldia zuten Hueco Tanks-en; Urkizuk, berriz, bigarren bisita. Horrela bada, azpeitiarrak gida modura jardun zuen. Ia 2.000 bloke zabalduta dituen estatubatuar paradisu hori zain zuten. Urkizuk berak eman digu Texaseko natur parkean dagoen «jolas-eremuaren» berri: «Berez, lau eremu ditu: ipar, eki, hego eta mendebal eremuak. Horietako batekin nahikoa duzu hamabost eguneko bidaia baterako. Oso leku berezia da. Basamortua denez, hezetasuna txikia da. Gauez, jakina, hotz egiten du, baina eguerditik aurrera tenperatura goxatzen da; 18 gradura irits daiteke. Nahiz eta ez den oso ohikoa, elurrak bisita egin zigun».

Jakina, milaka kilometro batzuk egin ondoren, lerrootako protagonistak gosez ziren. Haginak zorroztu egin zituzten hango blokeetan gogor jarduteko. Baina, jakin bazekiten, pare bat aste soilik zituztela, eta denbora ondo neurtu behar zutela. Azpeitiarraren eskarmentuari esker, plangintzaren aldetik ez zuten huts egingo: «Duela bi urte ipar eta eki eremuetan izan ginen, besteak beste, bi alderdi onenak zein entzutetsuenak baitira. Egin berri dugun bidaian ere horietan izan gara. Duela bi urte, nire lehen bisita zenez, bloke piloa probatu nituen. Aurten, berriz, helburu zehatzak eraman ditut. Bloke ia gehienak erorikoak zein sabaiak dira. Bertikalak ere badira, baina ez hainbeste. Blokeo asko, belaun asko, orpo asko... imajinatzen duzu. Blokeoa gustatzen zaionarentzat oso leku aproposa da. Erregeleta perfektuak ditu, oso onak. Arroka gogorra denez, heldulekuei indartsu tira egiteko egokia da oso. Nik uste dut gradua egin nahi duenarentzat primeran dagoela. Jakina, sasoiko behar duzu joan. Panelean indartsu ibili bazara, ziur aski bloke haietan ondo mugituko zara. Mono, adibidez, oso sasoiko joan zen, eta aipatu dudana emaitzetan ondo baino hobeto islatu zen».

Egoera bitxiak

Bloke eremu esanguratsua izateagatik ez ezik, beste ezaugarri batzuengatik ere ezaguna da Hueco Tanks. Indiarren aztarnak direla-eta, Hueco Tanks «zaintzeko» arau zorrotzak jarri zituzten indarrean. Gainera, arestian aipatu dugun legez, natur parkea ere bada. Bi eite horiek kontuan hartuta, eskalatu aurretik ze pauso bitxiak eman behar diren aipatu digu Urkizuk: «Guk autokarabana bat alokatu genuen. Parkea, berez, goizeko zortziak arte itxita dago. Behin barruan, 18 kokaleku daude: hori bai, oso ondo prestatuta eta txukun-txukunak. Bertako bulegoan eman behar duzu izena, eta gutxi gorabehera 200 laguneko kopurua onartzen dute. Hiru egun bakarrik egin ditzakezu han, baina, jakina, luzatzeko trikimailuren bat egin dezakezu. Jakina, urrats bakoitzeko ordaintzen duzu; han ezer ez da dohainik. Aurkezpen gisa, 20 minutuko bideo emanaldi bat ikusi behar duzu. Aitortu behar dizut ez dagoela batere gaizki; izan ere, hango historiaren eta kulturaren berri jasotzen duzu».

Eskalatu aurretik, beraz, hiru protagonista hauek gidoi berezi bati jarraitu behar izan zioten. Izena eman ondoren, nortasun-agiri moduko bat eskuratu zuten. Agiria ezinbestean aurkeztu behar zuten leku guztietan eta egunero. Agiri hori ere ordaindu beharrekoa da.

Eta hirukotea jada prest zegoela hango blokeetan murgiltzeko, beste urrats bat ere eman behar izan zuen: «Ipar eremuan izan ezik, besteetan nahitaez gidari bat eraman behar duzu. Bai, gidari bat. 8-10 laguneko taldetxoak egiten dira, eta, orduan bai, eskalatzera! Baina oso egoera bitxiak sortzen dira. Gidari batzuek paso egiten dute; beste, batzuek, aldiz, laguntzen dizute blokeak nolakoak diren esaten. Bere aurrean eskalatu behar duzu, eta denbora markatzen dizu. Nik, adibidez, 8a bat puntuan neukan, eta gidariak esan zidan azken saioa egin behar nuela. Erokeria! Ez baldin badu bere aldetik ematen, jai duzu. Gainera, zure taldekideak begira dituzu; oso bitxia da. Bestalde, taldean gradu ezberdinetako jendea duzu. Oro har, bertako jendea, estatubatuarrak, ez dira batere abegitsuak. Milaka kilometro egin, eta ez dizute harrera berorik egiten. Aldiz, kanpoko eskalatzaileen artean giroa ezberdina da. Ondorio bezala esan genezake, Hueco Tanks oso leku bikaina dela blokea egiteko, eta inguru ederra duela. Baina, bigarrenik, esan behar dugu eman behar dituzun urrats guztiak eta bertakoen harrera hotza ez direla batere erakargarriak».

Hala ere, pozik itzuli dira etxera. Batetik, Hueco Tanks-en bizitakoa beste eskarmentu bat izan delako. Eta bigarrenik, ondo baino hobeto estutu dutelako. Gonzalezek, adibidez, «Paleozoic» (7c) eta «Big Iron His Hip» (7b+) blokeak lortu ditu. Lasagabasterrek eta Urkizuk: «Dirty Martini on the Rocks» (8a, zutik), «Flower Power» (8a) eta «Between The Sheep» (8a). «Lehena ia egunean atera nuen», dio Urkizuk.

Lasagabasterrek 8a graduko beste bi bloke sinatu zituen: «Dark Age» eta «Free Willy». Azken hau oso famatua eta gogorra. Guztira, bost 8a.

bikaina

Hueco Tanks eremu ezin hobea dela nabarmendu dute. Inguru ederra, ia bi mila bloke, hezetasunik apenas, arroka ona...

estutu

Nahiz eta denbora nahikorik ez izan bloke gogorrei ekiteko, gipuzkoarrek oso jardun ederrak egin dituzte. Besteak beste, hainbat 8a poltsikoratu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo