Gaudi sarietako hautagai nagusiak dira «Pa negre», «Herois» eta «Buried»
GARA | BARTZELONA
«Pa Negre» filmak hamabost izendapen jaso ditu Kataluniako zinema akademiak gaur banatuko dituen Gaudi sarietan. Aldi berean, «Herois»-ek hamar jaso ditu, eta «Buried» ezagunak bederatzi. Sari banaketa honen hirugarren ediziorako aukeraketan horiek izan ditu epaimahaiak gustukoen. Hala ere, irabazlea zein den gaur argituko da Artèria Parallel antzokian.
Hiru horien atzetik «Los ojos de Julia» (sei izendapenekin), «Elisa K» (bostekin) eta «La Mosquitera» (beste bostekin) kokatu dira aukera gehien dituzten filmen artean.
Hautagaien artean
Katalanez egindako filmerik onenaren sarirako hautagaiak dira Judith Colell eta Jordi Cadenaren «Elisa K», Pau Freixasen «Herois», Agusti Vilaren «La Mosquitera» eta Agusti Villarongaren «Pa Negre».
Katalanez ez den pelikularik onenaren atalean, Rodrigo Cortesen «Buried», Oscar Aibarren «El gran Vázquez», Guillem Moralesen «Los ojos de Julia» eta Salomon Shangen «Uruguay» film luzeak dira hautagaiak.
Zuzendari onenaren sariaren lehian, Rodrigo Cortes («Buried»), Judith Colell eta Jordi Cadenas («Elisa K»), Pau Freixas («Herois») eta Agusti Villaronga («Pa Negre») izango dira.
Gizonezko protagonistarik onenaren hautagaiak Ryan Reunolds («Buried»), Jordi Molla («El cónsul de Sodoma»), Eduard Fernandez («La Mosquitera») eta Francesc Colomer («Pa Negre») dira. Emakumezkoen artean ordea, Aina Clotetek («Elisa K»), Clara Galik («La llegenda de l'innombrable»), Emma Suarezek («La Mosquitera») eta Nora Navasek («Pa Negre») jaso ahal izango dute saria.
Bestalde, bigarren mailako aktore onenaren sarirako hautagaiak, Lluis Homar («Herois»), Fermi Reixach («La Mosquitera»), Roger Casamajor («Pa negre») eta Ruben Jimenez («Uruguay») izan dira, gizonezkoetan; eta emakumezkoen artean, Esther Bove («¿Dónde se nacionaliza la marea?»), Lydia Zimmermann («Elisa K»), Marina Comas («Pa negre») eta Alba Yañez («Uruguay»).
Ekitaldi berezia
Iazko ekitaldiak urarekin zuzeneko lotura izan zuen, eta aurtengo sari-banaketa ekitaldia ere berezi samarra izango da. Izan ere, High-tech gaua prestatu dute antolatzaileek, eta irudia izango da guztien gainetik protagonista. «Puntu analogikoa» Quim Masferrer aktoreak jarriko du bera izango baita zuzeneko aurkezlea.
Bestalde, Clara Segura, Assumpta Serna edota Santi Millan, besteak beste, izango dira sarietako banatzaileen artean.