GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Ongi etorri!!

Surflari ernegatua

Paradoxa dirudi, baina jende gehien biltzen duten munduko leku ezagunenetan oso gutxi dira surf lasai egin dezaketenak. Pipelinen ere horrela da, talde txiki batek dauka urautsiaren monopolioa. Bat egiten dute «kanpotarrak» uretatik bidaltzeko orduan. Horregatik da ikusgarria urtean behin eta txapelketa formatuan bada ere, haien artean lehian ikustea. Dena emanda ibiltzen dira, helburua ez baita tubo onena, ezta ongi pasatzea ere, 40.000 dolarrak irabaztea baizik. Atzerritarrengandik bereizi nahi badute ere, horra hor berdin-berdin egiten dituena, dirua.

Lokalismoak gogorrak izaten dira, bereziki kolonizatuak izan diren irletan. Bertakoek jasan izan dituzten gehiegikeriak eta zapalkuntza kontuan hartzea nahikoa da haien haserrea eta frustrazioa ulertzeko. Baina bada kasu guztietan errepikatzen den fenomeno berezi bat. Bertakoak talde gisa antolatzen hasten direnean maila pertsonalean dituzten harremanek sortzen dituzten kontraesanak  azaleratzen dira eta emaitza bitxia izaten da. Taldean kolonizatzaileen oinordeko zuzenak txertatzen dira eta askotan taldeak izan dezakeen hierarkian goiko postua hartzen dute gainera.

Sarritan kolonizatzaileak  beraiek izaten dira kanpotarrok uretatik bidaltzen gaituztenak. Bertan jaiotako ilehoriak izaten dira okerrenak.

Gurean ere horrela izaten da. Erromardin surf egiten uzten ez dizun «lokala» (tokikoa) frantsesez zuzenduko zaizu. Mundakan berriz, gazteleraz zuzenduko zaizkizu urautsian zure lekua zein den esateko. Baina gurean, euskaldun gisa antolatuko ez garelakoan nago, eta pena da, hemen beste lekuetan gertatzen ez den zerbait gertatuko bailitzateke, kolonizatzaileek ez bailukete gurekin nahastu nahi izango.

Lokalismoak errefusatzen ditut, Orruan surf lasai egiten uzten ez didaten «lokalen» jarrera irrigarria eta penagarria iruditzen zait. Baina herri gisa antolatzea beharrezkoa dela deritzot, datorrenari «ongi etorri» esateko, eta ez, «fuera!» edo «dégage!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo