GARA > Idatzia > Mundua

Marrazoak ikusi dituzte Queensland estatuko herrietako kaleetan

Uholdeen eraginez beraien betiko bizilekuetatik ihes egitera behartutako milaka suge eta krokodiloen beldur ziren Australiako ipar-ekialdeko herritarrak, eta orain marrazoak ikusten hasi dira.

p017_f01_148x092.jpg

GARA | SYDNEY

Australiako ipar-ekialdeko egoerak ez du hobera egiten, eta orain herrialdeko beste lekuetara hedatu da hondamendia, hegoaldeko Victoria estatura, hain zuzen ere.

Beraien betiko bizilekuetatik ihes egitera behartutako milaka suge eta krokodiloen beldur ziren ipar-ekialdeko herritarrak, eta orain marrazoak ikusten hasi dira, amesgaiztoari beste elementu bat eransteko.

Queensland estatuko puntu batzuetan ikusi dituzte marrazoak, itsasertzetik hogeita hamar kilometrora.

ABC irrati katearen arabera, Goodna herrikoek bi marrazo ikusi zituzten ostiralean. Zezen marrazoak (Odontaspis taurus) omen ziren, ostegunean Brisbane hiriko kaleetan igerian ikusi zutena bezala. Marrazo horiek ez dira ur sakonetan ibiltzen eta ibaietako urak ere ez die kalterik egiten. Horregatik ez da hain harrigarria arrain harraparia ibaietan ikustea. Australiako historian behin baino gehiagotan egin diete eraso zezen marrazo horiek gizakiei.

Orain hilabete hasi ziren uholdeak ipar-ekialdeko estatuetan eta orain hegoaldera iritsi dira. Victoria estatuan 14.000 etxebizitza uraren azpian geratu dira eta 3.500 pertsona ebakuatu beharra izan dute. Herritar askok hondarrez betetako zakuak erabili zituzten beren etxeak babestu nahian, alfer-alferrik ordea, kasu askotan. Urak zuhaitzak eramaten ditu arazorik gabe, eta autoek jostailuak dirudite ibaiaren haserreak harrapatzen dituenean. Melbourne hiritik iparraldera doazen errepideak erabat kaltetu ditu urak.

Ez da harritzekoa, Victoria estatuko puntu batzuetan 24 orduko epean normalean urtebetean egiten duen euri kopurua egin du-eta. Tasmania uhartean ere inoiz baino euri gehiago egin du aurten.

Anna Bligh Queensland estatuko gobernuburuak baieztatu du dagoeneko hamazazpi hildako eragin dituztela uholdeek, eta beste hamabi pertsona desagertuta daudela.

Herritarrek Brisbane hiria garbitzeko lanak hasi dituzte, soldaduen laguntzarekin. Oso usain txarreko lokatza da nagusi leku gehienetan, kalean zein urak hartutako 30.000 etxe eta establezimenduetan. Agintariek atzo esan zuten gutxienez bi urte beharko dituztela gauzak bere onera ekartzeko. Hori gertatuko da, gertatzekotan, ordura- ko tankerako beste hondamendirik izaten ez bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo