GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA Euskal Herriko Txapelketa

Abadiñok zalantza guztiak uxatu ditu, eta lehen txapela beraientzat izan da

J.L.

Abadiñok jantzi du zortzinako lehiaketako lehen txapela. Laukoan ez zuen garaipena lortu, han Ibarra izan baitzen nagusi, eta horrek zalantza batzuk sortu zituen azken urteetan jaun eta jabe izan den taldearen gainean, baina atzo uxatu egin zituen, talde guztiak mendean hartuz lortu baitzuen garaipena.

Agian ezustea Sokarrik eman zuen, izan ere, bizkaitarren konturik inork ez zuen nabarmentzen. Adituen ustez Ibarra eta Amaiur ziren, Abadiñorekin batera, faboritoak, baina bigarren posturik ere ezin izan zuten lortu, Sokarrik eskuratu baitzuen. Final hau 680 kilotan jokatu zen, eta jardunaldi batean erabaki zen dena.

Sailkapena honela geratu zen: lehenengo Abadiño, 6 punturekin; bigarren Sokarri, 5 punturekin; hirugarren Ibarra, 4 punturekin; laugarren Amaiur, 3 punturekin; bosgarren Zuraide, 2 punturekin; eta azkena, Conceyos, puntu bakarrarekin. Talde asturiarra da seigarren postuko hori, baina ez du lehen aldia Euskal Herriko Txapelketan, lehen ere aritua baita.

Emakumezkoetan, lehen jardunaldia jokatu zen 540 kilokoan, eta ez zen ezusterik izan, Badaiotz taldea, azken urte hauetan jaun eta jabe izan den taldeak ez baitzien gainerakoei inongo aukerarik utzi, eta garaipena erdietsi zuen, jokatutako saio guztiak irabazita. Ibarra sailkatu zen bigarren, eta Sakana, berriz, hirugarren. Hiru jardunalditako ligaxka dute pisu honetako taldeek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo