Santanderreko kontseilari delegatua gaitasungabetu dute auzitegiek
GARA
Auzitegi Goren espainolak zortzi hilabeteko kartzela eta gaitasungabetze zigorra ezarri dio Banco Santanderreko kontseilari delegatu Alfredo Saenz-i iruzur prozesala eta Banesto bankuko zordun batzuen aurka akusazio faltsuak egiten saiatzeagatik, atzo Efe agentziari iturri judizialek adierazi ziotenez. Normalean gaitasungabetzeak kartzela zigorraren iraunaldi bera izaten du. Hilabete bukaeran jakinaraziko dute epaia, iturri beraren arabera, baina Santanderrek helegitea aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean. Gobernu espainolak 1993. urtean kontrolpean hartu zuen Banesto bankua eta Saenz-ek hartu zuen lehendakari kargua. Hain zuzen, 1994. urtean du jatorria auzi honek, Banestok «zalantzazko kredituak» berreskuratzeko estrategia gogorra martxan jarri zuenean.