Ezker abertzalea pausoak ematen ari da Ondarroan
GARA |
Ezker abertzalea erakundeetatik kanpo uzteko politika indarrean jarri zenetik, Ondarroa «udal ez demokratiko» batek kudeatu duen garaiaren balorazioa egin du ezker abertzaleak. 2003-07 legealdian oposiziorik gabe hartu zuen agintea Aitor Maruri EAJko alkateak, ezker abertzalearen hautagaitzak sei zinegotzi lortu arren. 2007-2011 legealdian berriz, erabakigunea Ondarroatik kanpo kokatuz gestora bat osatu zen Udala kudeatzeko.
Gestoraren ezaugarri nagusia «iruzurra» izan dela dio ezker abertzaleak: «Herritarren beharrei begira baino iruzurraren justifikazio bila dabilenaren legealdia izan dugu». Azken legealdi honetan «distantziatik gobernatzeko eredua» aplikatu nahi izan du EAJk, baina «hori ezinezkoa» da. Izan ere, ezker abertzaleak funtsezkotzat du herritarrek, auzotarrek edo eragileek euren kezka eta arazoei irtenbidea emateko Udalarekin «harreman naturala» izatea.
Era berean, «inposatutako proiektuek» eta herritarren iritzia aintzat hartu gabe, erabakiak Ondarroatik kanpo hartzeak, «ondorio latzak» ekarri ditu. «Iruzur kasuak» tarteko, Udalaren etorkizuneko aurrekontuak hipotekatuta daudela ikusten dute. «Finantza ezintasun hauek begi-bistan daude jada 2011ko aurrekontuetan, zifrak asko murriztu dira».
2011n udal hauteskundeak direla-eta, ezker abertzalea lanean dabil «gogoz eta ilusioz». Hartu Berbi dinamika abiarazi dute, herritarrekin batera landutako Herri Programa osatzeko. Kultura, kirola, emakumeak, gazteak, adinekoak, hezkuntza, euskara, hirigintza, demokrazia parte-hartzailea, ingurumena, etorkinak eta denbora librea arloak landuko dituzte, mila herritar inguru bilduz eta horien ekarpenak jasoz, herritarren beharrei erantzuten dien programa osatzeko.