Maider Eizmendi Kazetaria
Su printzak
Sukaldean sartu, eta etxekoei agur azkarra egin ostean, bertaratzen naiz arrapaladan, gozo eta lehorra delako bere beroa, hezurretaraino sartzen den horietakoa. Hotzak ez, berotasunak eragiten didan plazerak eramaten nau ondoan jartzera, ia gainean. Baserrietan dauden gauzen artean, estimurik gehien eragiten didanetako bat da beheko sua. Hala dut eta hala nuen haur bat besterik ez nintzenean ere, oroitzapenetan askotan ikusten baitut neure burua haren ondoan, aldamenean eserita.
Aitona gogoratzen dut sua pizteko jarraibideak ematen, su printzak indartzeko unean egur handirik ez zela bota behar esan eta esan. Ni, berriz, alboan, zenbat eta handiagoak izan orduan eta azkarrago sua piztu eta indartuko genuela errepika eta errepika. Aitonak bazekien ordea, eta esanaren poderioz ulertarazi zidan sua pizteko patxadak egurrak adinako garrantzia duela. Egur mehar eta lehorrekin egin behar genuen ohea eta ondoren biribildutako paper zatiari sua eman eta mantso erantsi jarritako txotxek su har zezaten. Soilik indartzen zenean erantsiko genizkion nik jada luze esku artean nituen egur puska handiak. Hura zaintzeko agintzen zidan ondoren, noizean behin begiratzeko ea egurrik ba ote zuen eta nik sekulako erantzukizun eta kargua eman izan balidate bezala begiratzen nion behin eta berriz, egurra berriz ere noiz bota behar ote genion galdezka. Egurra bota eta bota eta sua zaindu eta zaindu aspertzean, esperimentuan jarraitu eta itzaltzeko zer behar ote zuen behin baino gehiagotan galdetu izan nion. Patxada hartu eta bere kabuz itzal zedin entzuteak ez zidan zirrara handirik eragiten, «egin» egin nahi nuen. Suari ur zipriztinak botatzeak zalaparta eta kea baino ez zuela lortzen esaten zidan aitonak eta behin proba ere egin genuen, ni konformatzeko; eta horixe: zalaparta eta lurrun apur bat.
Beheko suko haiek bezalaxe, patxadaz eta aurretik egindako lanari esker sortu dira Euskal Herrian su printza berriak. Oinarrian jarri den makilatxo ohea oinarrizkoa izan du, kiribilduta erantsi zaion papertxoak non pausatua izan zezan. Arretaz zaindu eta elikatu behar den sugarrak dira hauek ere, baina zaintzaile asko dituztenak. Batetik eta bestetik iristen zaizkion zipriztinek ez dute itzaltzen; haiek ere, nik botatako ur tanten gisara, zalaparta eta kea baino ez baitute sortzen.