GARA > Idatzia > Kultura

Bertan Bera gernikarrek «Zure esku» jarri dute hirugarren lana

Kantu «bizkorragoak eta helduagoak» bildu ditu Bertan Bera talde gernikarrak bere hirugarren lanean. Boskote izatetik laukote izatera igaro dira eta «Zure esku» izeneko autoekoitzitako disko honetan, garrantzi handia eman diote konposatzeko prozesuari.
p042_f01_199x112.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Serio hartu du Bertan Bera taldeak disko berriaren proiektua. Musika zaletasun moduan hartzen badute ere, orduak eman dituzte entsegu lokalean «Zure esku» lan luzea ernaltzen. «Laurok bilatzen genuen musika estiloa lortu dugu, bateratuagoa eta osatuagoa», azaldu digu Aitor Tolo baxu-jotzaileak. «Nabaritzen da estilo aldaketa bat egon dela eta musika helduagoa dela, bai ahotsetan eta bai gitarratan. Aurrerapauso garrantzitsua badago konposizio aldean. Prestakuntza arloan denbora gehiago egin dugu eta serioago hartu dugu lan hori. Ondo landu eta ez sinple egin. Oinarri sendo bat eduki eta horren gainean eraikitzen joan, bai ahotsak, bai gitarra konponketak».

Boskote moduan hasi zen Bertan Bera 2006an, eta hiru kantuz osatutako «Demo» bat grabatu zuten 2008an lokalean bertan. «Horrek ateak zabaldu zizkigun gure taldearen berri emateko leku ezberdinetan», dio Tolok. Harrera ikusita, 2009an estudiora sartu ziren Ondarroan, sei kantu biltzen zituen «Etenik gabeko bidean» diskoa grabatzera. «Gure lehenengo esperientzia izan zen estudioan eta asko ikasi genuen bertan».

Orduko abeslariak taldea utziko zuela publiko egin ostean, urte batean Mikel Urrutiak (bateria), Aritz Ibarluzeak (gitarra), Markel Arebalok (gitarra eta ahotsa) eta Aitor Tolok (baxua) laukote moduan disko berri bat aurkeztuko zutela eman zuten hitza. Pasa den urrian Zornotzako Idaba Musik estudioan sartu ziren Ińaki Jauregirekin eta honela jaio da «Zure esku».

Disko «osoa»

Hamabi kantu bildu dituzte gernikarrek lan honetan, eta gai ezberdinak jorratzen badituzte ere, kantu guztiak elkar lotuta daude. «Disko oso bat da eta mezuak lotuta daude, kantu guztiek elkarrekin lotura bat dute», azaltzen du Tolok. «Hirugarren mundua» deituriko herrien zapalkuntza, betetzen ez badira ere amesten jarraitzeko deia, komunikabideekiko menpekotasuna, desamodioa edo sexu berdintasunaren aldeko aldarriak dira, besteak beste, bildu dituzten gaiak: «Hausnarketa batzuk planteatzen dira eta `Zure esku' hitz joko moduko bat da. Batetik, hor dauden indar horien esku gaude. Baina buelta ematen diogu, eta diskoa oso zuzena izanik, entzuleari erreferentzia egiten dio. Islatuta ikusiko du bere burua, `nire esku dago' erabakiak hartzea».

Musika aldetik, hardcore-melodikorantz jo dute kantuei abiadura handiagoa emanez. «Guk lantzen duguna punk-rock musika izango litzateke baina punketik apur bat hurrunago gabiltzala esango nuke. Gure lehenengo pausoak eman genituenetik, garapen bat egon da taldean eta bai murgildu garela musika eta erritmo azkarrago batean. Jotzeko orduan ere zailagoak dira abestiak». Horretarako dituzte erreferentzi AEBetako zein Euskal Herriko hainbat talde: «NOFX, Pennywise, Bad Religion, Rise Against... Leihotikan, Ezinean, Berri Txarrak... talde askoren eragina nabaritzen da. Denok gustu musikal antzekoak ditugu baina ez berdinak».

Diskoa esku artean, zuzenekoetan dute orain burua. Badute eskarmentua lehendik, hiru urtean hirurogei bat kontzertu eskaini baitituzte. Orain lehenengoa hilaren 29an, larunbata, dute, aurkezpen kontzertua Gernikako gaztetxean. «Guretzako oso berezia izango da. Zuzenekoetan taldeak eduki duen etenaldirik luzeena izan da, lau hilabeteko tarte hori luze egin zaigu». Otsailaren 26an Zizurkilgo Herriko Tabernan izango dira eta martxoaren 26an, berriz, Bermeoko Kafe Antzokian, Sarkor taldearekin batera.

AZKARRAGOA

«Gure lehenengo pausoak eman genituenetik, garapen bat egon da taldean, eta musika eta erritmo joera azkarrago batean murgildu gara», dio Aitor Tolo baxuak.

KOLABORAZIOAK

Lain taldeko Leire Berasaluzek, No Humanoko Ińakik eta Ivanek, eta Sarkorreko Gentza Madariagak parte hartu dute «Zure esku» diskoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo