GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jose Agirre Lizarribar eta Carlos Agirrebengoa Ormazabal Gipuzkoako 64 apaizen eta gizon-emakume erlijioso eta laikoren izenean

Euskal Herriko bakearen aldeko urratsak

Bakea ez da edozer gauza. Jesusen bakea ez da edozein bake. Ez da bake abstraktua, gorputzik gabea, deslokalizatua. Euskal Herriko bakea ere ez da bake deserritua, ez da bake deserrotua. Gure herrian ezaugarri bereziak ditu bakeak. Gure herriko bake ezaren jatorrira jo beharra dago bakea zinez ondo sustraitu nahi badugu. Gatazka politikoak konponbide politiko zuzena eskatzen du alde guztietan, eta gure herrian ere bai

Bake-minez bizi izan den herrian bakea sortzen hasi da urte berrian. Zain geunden eta iritsi da ETAren agiria. Eguna joan eta eguna etorri, urtez urte herriaren gehiengo zabalak, erakunde, alderdi politiko, gizarte eragile eta Elizak, indarkeria uzteko esan dio talde armatuari eta sufrimendurik gehiago ez ereiteko pertsona, etxe eta gizartean. Azkenean ezker abertzaleak lau haizetara zabaldu du bere erabakia bereziki ETAri zuzendua: borroka armatua soberan dago politika egiteko, borroka politikotik baztertuta geratzen da indarkeria. ETAk iragarri du su-eten iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria. Eta orain zer?

Aurrenik, poztu. Poztu bakea berri ona delako Euskal Herrirako. Poztu guztiongatik, eta batez ere indarkeriaren makurra zuzenen sufritu dutenengatik, arnasa hartuko baitute etxe askotan, arnasa hartuko baitugu gizarte osoak, poztu herri osoagatik. Egia da poza ez dela poz betea, bizitza ugari hautsita geratu direlako, urratuta. Baina itxaropenez betetako poza da, indarkeria itzultzerik espero ez duena. Irrikaz nahi dugu bakearen berri ona. Eta bakea berri on dugulako, hain zuzen, ez gaitu axolagabe uzten. Hemendik aurrera ere erantzukizunez jokatzeko garaia dugu guztiok. Badakigu, horrelakoetan, azaltzen dena baino gehiago izaten dela errealitatea, baina zabaldu dena ikusiz zenbait gogoeta eta konpromiso adierazi nahi ditugu idazki honetan gure kristau kontzientziak bultzaturik.

Lehenik eta behin, bakea giza eskubideen begiruneari lotua dago. Giza eskubide guztiek sorburu bera dute: gizakiaren duintasuna. Duintasun hori beti zaindu behar dugu guztiok. Ezinbestekoa da giza eskubide guztiak betetzea eta garatzea. Bizi-eskubidea da aurren-aurrenekoa eta lehen-lehenik gorde beharrekoa. Su-eten berrian bakea sor dadin ez dago inor hiltzerik. Ezta ere gizakiaren bizia manipulatzerik: pertsona ez da inoren helburuetarako gauza edo tresna bat. Pertsonak bere-bereak ditu segurtasun eta osotasun fisikorako eskubideak. Torturak eta tratu txarrak ez dira libre. Bakeari bide emateko ezinbestekoa da baita ere poliziak beti betetzea atxilotuen giza eskubideak.

Bigarrenik, ETAk bakea zor dio herriari: indarkeria uzteak, ezinbesteko baldintza etikoa izateaz gain, bakerako urratsa ematen eta politikari bide egitea eskatzen du. Bestetik, ETAk ez du bere burua herriaren ordezkari izendatu behar, are gutxiago herriaren bake-borondatearen gainetik jarri behar. Ez dezake berriro etsira eraman euskal gizartea.

Halaber, boterea duenak zuzen erabili behar du herriagandik jasotako ahalmena. Bermatu egin behar ditu funtsezko askatasun-eskubideak, hala nola, adierazpen-askatasuna eta elkartzeko askatasuna. Agintariek eta herri-ordezkariek ez dezakete alferrik galtzen utzi bakerako aukera bakar bat ere. Ez da zuzena, ez onargarria ETAren su-eten adierazpen hau mespretxatzea eta hutsaren hurrengotzat jotzea, alderdi- edo politika-interesak bakearen gainetik jarriz. Kezkagarria iruditzen zaigu aspaldi bizitzen ari garen politikaren judizializazioa eta justiziaren politizazioa. Uste dugu joera bikoitz hori katea eta kaltea dela bakearentzat. Orobat, agintariak bakearen aldeko lan zintzoa zor dio herriari: politikan esku hartzeari oztopoa jartzen dionak borondate kaxkarra erakusten du bakerako, eta alderantziz, bakearen alde dagoenak politika egiteko ateak zabaltzen dizkio orori.

Zentzu horretan, bakea ez da edozer gauza. Jesusen bakea ez da edozein bake. Ez da bake abstraktua, gorputzik gabea, deslokalizatua. Euskal Herriko bakea ere ez da bake deserritua, ez da bake deserrotua. Gure herrian ezaugarri bereziak ditu bakeak. Gure herriko bake ezaren jatorrira jo beharra dago bakea zinez ondo sustraitu nahi badugu. Gatazka politikoak konponbide politiko zuzena eskatzen du alde guztietan, eta gure herrian ere bai. ETAk indarkeria uztearekin batera, Euskal Herriko bakeak eskatzen du gatazka politikoa aitortu eta konponezinik dauden aldeek akordio politiko berri bat adostea, inork inor menderatu gabe, herriaren aniztasuna kontuan izanez, inolako aukera politiko bazterrera utzi gabe eta guztiok guztioi emandako demokraziaren legea onartuz, alegia, herriaren gehiengoaren borondatea errespetatuz, betorik ezarri gabe. Desadostasuna adostasun bilakatu arte, bide luzea egin beharko da aurrerantzean. Alferrik ibiliko gara ezinbesteko bidelagun bati heldu gabe: elkarrizketari.

Honekin jarraituz, elkarrizketa da gizon-emakumeok gure arteko arazoak konpontzeko eta bakea egiteko dugun giza bidea, elkarri entzunez eta elkarrekin hitz eginez, elkarri egia esanez, leialtasunez jokatuz eta konfiantzazko harremana sortuz. Elkarrizketa ezin dugu itxitura batean sartu, batzuei atea itxiz eta kanpoan utziz. Nahi duten guztien arteko elkarrizketak posible izan behar du gurean, elkarrizketaren bidez adostu daitekeen akordioa guztiontzat izango bada. Ezingo dugu gauzak bere onean daudenik esan herriaren zati bat bere aukera politikoa libreki egiteko gauza ez den artean. Bakea bake izango bada, ezinbestean libreki esku hartu ahal izan beharko du nahi duen herritar orok politikagintzan. Areago: guztion esku-hartzea ahalbideratzea demokrazia kontua da, eta esku-hartzea zenbat eta zabalagoa, demokrazia orduan eta sendoagoa. Eta demokrazia zenbat eta sendoagoa, bakea orduan eta zindoagoa. Ezin ditugu banatu bakea eta demokrazia. Banatuz gero, bizikidetza ahultzen da. Kostata eraikitzen ari garen bake, demokrazia eta bizikidetzaren zoruan dugu baita ere Euskal Herriko jatorrizko kulturaren begirunea eta garapena, bereziki euskararena, izan ere, euskara normalizatzea baita bizikidetza baketsuaren oinarrietako bat. Ezin dugu orain arte eraikitakoa eraitsi eta hemendik aurrera altxatzea dagokiguna hondatu, ez kristau ez herritar bezala.

Euskal Herrian bakea eraikitzea ez da batzuen lana bakarrik, erakundeetako agintariena, politikariena, talde bakezaleena, eta abar. Herri osoaren eginkizuna da eta gutako bakoitzarena, zer esanik ez, Jesusen jarraitzaileona. Kristauok ondare bat hartzen dugu goizetik arratsera: «Bakea zuei» (Jn 20, 19) esanez agurtzen gaitu Jesusek, gurutzeko heriotza jasan eta Jainkoak pizturik. Gurean bidegabekeriaren gurutzetik igarotako bakea ari da sortzen, erdiminez ari ere. Armak isilduz, giza eskubide guztiak errespetatuz eta Euskal Herrirako itun politiko zuzen bat adostuz, bake ezak egindako zauriak sendatzea faltako da oraindik. Pertsonen arteko adiskidetzea eta gizartean bakezkoak egitea geratuko da. Mendeku nahirik gabe. Besteari kaltea opa gabe. Guztiontzat bizitza humano, duin eta zuzenagoa eraikitzen saiatuz. Ez da goizetik arratsera burutuko adiskidetzea, bizitza asko betiko hautsita geratu baitira bidegabeki gure herrian alde bateko eta besteko indarkeriagatik. Benetako bakeak gogotik ahalegintzea eskatzen digu.

Amaitzeko, Gipuzkoako Elizbarrutiak, beste euskal elizbarrutiekin batera, itxaropena erein du joan deneko lau hamarkadatan, ondo garai ilun eta zailetan. Euskal Herriko gotzain izandakoak gidari eta lagun izan ditugu urte askotan bake-bidean. Ebanjelioaren zerbitzura jokatu nahirik eta Euskal Herria maite duten seinale, makina bat aldiz deitu izan gaituzte apezpikuek bakegintzara eta otoitzera. Munduko beste lekuetan bezala, gurean ere bakea posible zela sinetsi dute etsian erori gabe eta arnasa ez galtzen lagundu digute milaka euskal seme-alabari, Elizan nahiz herrian. Orain ere itxaropen aldia dugu, eta bakearen alde apalki bezain kartsuki saiatzekoa. Gipuzkoako kristau elkarteak ezin dio bizkar eman orain arteko ildoari. Ez gara inozoak eta badakigu bidea ez dela xamurra izango, bakea borroka baketsuan irabazten dela, egunez egun aurreratuz, gehienetan neke eta sufrimendu artean. Hori da gure konpromisoa, bakera daraman ibilbide-orriari erne begiratzea eta hainbat eragilerekin batera gure herriko bakearen aldeko urratsak egitea. Helmugan goza dezagula denok bakearen berri ona, «guztion artean guztiontzat eraikitako bakea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo